ESKUALDEKOAK OLINPIAR JOKOETAN (II)

Onenetan onenen soslaia

Aritz Mutiozabal | Amaia Urbieta Arruti 2021ko uzt. 30a, 17:00

Rioko olinpiar jokoetan parte hartu zuen Iñigo Peñak, eta datorren astean Tokiokoan lehiatuko da

Jokoak dira zenbait kirolen gailurra. Horietara heltzea da kirolari ororen ametsa, eta tituluren bat lortzea, egin daitekeen balentriarik handiena. Ugari izan dira Olinpoa bisitatu duten eskualdekoak.

Tokiora horretara propio joandako kazetariak, unean uneko jarraipenak, atal bereziak hedabideetan, ordutegi aldaketagatik ordu txikietan jarraitu beharreko probak… Olinpiar Jokoetanbete-betean murgilduta dira egunotan hainbat eta hainbat kirolzale. Eskualdeko ordezkari bakarra izango da aurten Jokoetan, eta oraindik ez da bere probaren unea iritsi. Abuztuaren 3an jokatuko du sailkatze estropada Iñigo Peña piraguista zumaiarrak.

Titularrik potoloenak hurrengo astera arte itxaron beharko duenaren esperoan, oroitzapenen kutxan behatzen jarraituta zerrendatu daitezke Urola Kostako kirolariek jokoetan egindako hamaika balentria.

Saltseatzeko aukera

Esperientzia «ahaztezin» moduan gogoratzen ditu Karmele Makazagak 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoak. Eskubaloi jokalari zarauztarra Espainiako selekzioko kapitaina izan zen, eta hark esana da Granollersko (Herrialde Katalanak) estadiotik kanpo apenas ikusi ahal izan zela bere lana; izan ere, ez zegoen gaur egun dagoen garapen teknologikorik. Hamar talde aritu ziren lehian eta zortzigarren bukatu zuten. Orduan taldeak zuen maila apalagoa zen egungoarekin alderatuta. Baina emaitzatik harago, «saltsa guztietan» sartzen zirela kontatu izan du Makazagak, eta ez zutela alferrik galdu kirol saio guztiak ikusteko abagunea.

Bartzelonara ikusle euskaldunak joan ziren haiek animatzera, eta tartean izan ziren zarauztarrak ere. Aupa neskak! eta hiru jokalari gipuzkoarren izenak idatzita zeramatzan Ikurriña eraman zuten, baina, nonbait, arazoak izan zituzten. Bertan jartzen zuena ulertzen ez, eta kenduarazi egin zieten.

Argentinarren janaria

Belar hockeyak eman zion Juan del Campo zumaiarrari goi mailan aritu eta 1948ko Londresko Olinpiar Jokoetan aritzeko aukera. II. Mundu Gerra amaitu berria zen, eta Hersturaren Jokoak deitu zitzaien Londreskoei. Hiri Olinpikoa Richmond parkean jarri zuten, eta kirolari zumaiarrak kontatzen zuenez, egurrezko barrakoiez osatu zuten gunea, gudan RAFeko pilotoek erabilitakoak. Txapelketan ezin izan zuten finalerdietarako sailkatu. Lehen partidan 3-2 galdu zuten Argentinaren aurka; gero, Austriarekin bana berdindu zuten; eta, azkenik, Indiaren aurka galdu zuten ozta-ozta bada ere, 1-0ko emaitzarekin. Urrezko domina Indiak lortu zuen Ingalaterra 4-0 mendean hartuta. Edonola ere, del Campori bere postuko jokalari onenaren saria eman zioten, eta oroigarri horren dominarekin itzuli zen etxera.

Gainerakoan, janariarekin izan zituzten nolabaiteko gorabeherak. Garaiko egoerak balditzatuta, eta Londresen zegoen janari eskasia ikusita, selekzio gehienek berea eramatea erabaki zuen. Espainiak ere bere sukaldaria eraman zuen, baina janari nahikoa eraman beharrean, koñaka eraman zuen, antza. Zumaiarrak kontatutakoaren arabera, Espainiako delegazioak koñaka saldu zuen zaldiak erosteko eta kirolariak, berriz, argentinarrei esker elikatu ziren. Harreman estua egin zuten haiekin, eta solasean nahiz kantuan aritzen ziren elkarrekin: «Argentinarrek zutena jaten genuen».

Juan del Campo zumaiarra, Jokoetan eskuratutako jokalari onenaren dominarekin. (Hitza)

Non begia, han bala

70eko hamarkada hasieratik sekulako gorakada izan zuen Esteban Azkue oriotarrak plater tiroan. 1974an, Europako txapeldun izan zen bi modalitate ezberdinetan, eta 1975ean trap modalitatean bere hirugarren Espainiako Kopa lortzeaz gain, brontzezko domina lortu zuen taldeka Munduko Txapelketan. Aurrekariak ikusita, 1976ko Montrealgo Jokoetan emaitza txukuna lortuko zuela aurreikusten zuten askok. Espainiako selekzioak Eladio Vallduvi eta bera aukeratu zituen, baina oriotarrak 11. postuan bukatu zuen hitzordu garrantzitsuan. Bere ibilbideko unerik gozoena, ordea, urtebete geroago etorriko zen. Nazioarteko hamahiru txapelketa irabazi zituen, eta munduko txapeldun izan zen banaka eta txapeldunorde taldeka. Espainiako Kiroletako Goi Kontseiluak Baron de Guell Kopa oroigarriarekin aitortu zuen bere balentria urte hartan.

Federazioarekin izandako liskar baten ondorioz, selekziotik kanporatu zuten. Azkueri kostatu egin zitzaion bere maila berreskuratzea, eta ez zuen 1980ko Moskuko Jokoetarako plazarik lortu. Hala ere, lehiatzen jarraitu zuen, eta 1984ko Los Angeleseko hitzordurako aurre-hautatuen artean egon zen, baina, azkenean ez zuen parte hartu.

Partida buruan

Bartzelonan izango zirela eta Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera izango zuela jakin zuenean egundoko ilusioa egin zion Jokin Larrañaga pilotari azkoitiarrari. Pilota joan-etorrian ibili da Jokoetatik, eta bere presentzia lotuta egon da beti herrialde antolatzailearekin. Bartzelonan jokatzen bazen, programan txertatuko zuten. Zentzu horretan, azkoitiarrak pribilejiatua sentitu izan zela aitortu izan du, eta ez hori bakarrik, Oskar Goñi nafarrarekin bikotea osatuz, zilarrezko domina jantzi zuen trinketean.

Frantzia garaitzea jarri zuten xede, eta horretan aritu ziren buru-belarri. Aitzitik, ez zioten arreta berezirik jarri Mexikori, eta haien aurka galdu zuten. Ez zuten haien jokatzeko modua askorik ezagutzen, bestelako molde batekoa zen, eta jokoan gehiago izan ziren: 40-27 galdu zuten Raul Saldaña eta Santamariaren aurka. Larrañagak adierazi izan du partida hura behin jokatu zutela kantxan, baina hamaika bider jokatu dutela atzera beren buruan.

Gailurra ukitu eta iraun

Ez behin, ez bitan, ez hirutan; lau aldiz parte hartu du Olinpiar Jokoetan Ainhoa Murua triatleta zarauztarrak: Atenasen 2004an, Pekinen 2008an, Londresen 2012an eta Rio de Janeiron 2016an. Kirolarien Olinpora gehienetan gerturatu den eskualdeko kirolaria izan da, beraz. Lehenengo aldian 24. postuan amaitu zuen triatloi proban. Bere bigarren Jokoetan, sukarrarekin eta min hartuta ibili bazen ere, 28. postuan amaitzea lortu zuen, eta handik lau urtera, 2012an heldu zen gailurrera: zazpigarren postuan sailkatu zen, eta Diploma Olinpikoarekin itzuli zen Londrestik Zarautzera. Rioko proban lesionatuta zegoela atera zen lehiara. Ia seguru zekien ezingo zituela hiru probak amaitu, baina garbi zeukan dena eman behar zuela. Babesik ez zitzaion falta izan; hura animatzeko maillotak atera zituzten, eta Zarauzko Triatloi Taldeak proba zuzenean jarraitzeko hitzordua antolatu zuen Izeta sagardotegian. Lesioa tarteko, erretiratu egin zen igeriketa eta bizikleta probak amaitu ondoren. Brasildik itzultzean, harrera ekitaldi beroa egin zioten herrian. Lege Zaharren enparantza goraino beteta zela, Kirol Merezimenduaren Domina eman zion udalak.

Garaikur bat gehiago

Urte luzez ibili zen punta-puntan lehiatzen Mikel Agirrezabalaga eskubaloi jokalari zarauztarra. Hainbat txapelketa garrantzitsutan parte hartu zuen, tartean, baita Olinpiar Jokoetan ere, 2012ko Londreskoetan. Ezker hegaleko jokalaria begiz jota zeukan Espainiako selekzioko hautatzaileak, eta hamalauko zerrendan sartu zuen Agirrezabalaga, postu berean jokatzen zuen Alberto Entrerrios jokalari ezaguna kanpoan lagata. Oso talde zaila egokitu zitzaion Agirrezabalagaren Espainiari: Danimarka, Hungaria, Kroazia, Serbia eta Hego Korea zeuden, eta herrialde horietako selekzioek maila handia izan ohi dute eskubaloian. Serbia eta Hego Korea mendean hartuta, final-laurdenak jokatzeko aukera izan zuen Agirrezabalagak, baina Frantziaren aurkako partida galtzearekin batera amaitu zen bere ibilbide olinpikoa ere. Frantziarrentzat izan zen, hain zuzen, urrezko domina Londresko Olinpiar Jokoetan.

Onenak emateko

2016ko Rioko jokoetan Diploma Olinpikoa eskuratuta, ez du lan erraza izango Iñigo Peña zumaiarrak orduko bosgarren postua hobetzen Tokion. Laugarren geratzeko zorian izan bazen ere, epaileen azken uneko erabaki baten ondorioz bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Nola ez, zumaiarrek ongietorri beroa egin zioten Brasildik herrira itzuli bezain pronto. K4 modalitateko 1.000 metroko proban lehiatu zen orduko hartan, eta datorren astean K2 modalitatean ariko da Tokion, Francisco Cubelosekin orpoz orpo. Asteazken goizaldean, Euskal Herrian 03:00ak direnean izango du lehen proba eta, hori gaindituz gero, ostegunean izango du azken lehia erabakigarria, hemengo 05:00etan.

Erlazionatuak

Uztaiak gora, lurretik zerura

Aritz Mutiozabal 2021 uzt 24 Zumaia