Jon Kareaga: "Aldaketak, etortzekotan, gizartetik etorri behar du"

Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 30a, 10:00

Ingurumen-aktibista, baita ekintzailea ere. Bask arropa markaren sortzailea da Kareaga (Zumaia, 1998), eta orain aste batzuk euskal kostaldean pilatutako plastikoak kentzeko kanpaina abiatu zuen.

Ingurumeneko aktibista bezala ezagutzen zaitugu, baina arropa marka bat ere sortu duzu.

Batzuetan kontrajarriak ere izan daitezke. Alde batetik, aktibista moduan ikusten dut nire burua, baina baita ekintzaile bezala ere, sistemaren barruan soluzioak eskaini nahi ditudalako, sistema beraren aldaketa urruti dago eta.

Nola sortu zitzaizun ingurumenarekiko ardura hau?

Txikitatik lotura handia izan dut naturarekiko: beti ibili izan naiz arroketan eta animalien artean. Ingurumena suntsitzen ari garela ikusi dut, eta horrek aldaketaren parte izatera eraman nau. Gero, Bangladeshera joateko aukera sortu zitzaidan orain bi urte, eta han izandako bizipen guztiek sistemak nola funtzionatzen duen ulertarazi zidaten. Gogoeta batzuen ondorioz, ekintzaileen taldeetan parte hartzen hasi nintzen. Dena da garrantzitsua, baina jakin behar dugu zer sistematan bizi garen, eta zer inpaktu sortzen duen bai pertsonengan bai ingurumenean. Konturatu behar gara sistema hau dela gaurko injustizia sozial guztien arduraduna; guztiok ez dugula berdin  jasango klima aldaketaren eragina. Herrialde txiroek okerrago pasako dute, eta horren adibide garbia Bangladesh da. 

Orain aste batzuk kostaldea garbitzen aritu zineten. 

Hondarribiatik Getxora bitarteko kostaldea garbitu genuen. Gaur egun ozeanotan aurki dezakegun plastikoaren arazoari soluzio bat ematea zen gure helburua. Bildutako plastikozko botiletako material horri beste soluzio bat ere emango diogu, beste bizitza ba, eta bainujantzi bihurtuko ditugu [Basken] hurrengo bilduman. Aldi berean, kontzientziazioa landu dugu: pertsona pila batek parte hartu du, eta kontzientziazio hori zabaldu dugu. Modu bat izan da mezu hori pertsona askorengana helarazteko. 

Kostaldea garbitzeko jarduera hau Bask arropa markarekin lotu duzue. Zer da Bask?

Orain bi urte Bangladeshen sortu zen proiektua da. Ikusi nuen moda industriak zer eragin duen pertsonengan eta planetarengan, eta paradigma hori aldatzeko asmoarekin sortu genuen, moda beste era batera planteatzeko, eta moda bera kontzientzia gisa lantzeko. Uste dugu moda erreminta indartsua izan daitekeela gizartea aldatzeko eta kontzientziak astintzeko. Moda jasangarri moduan planteatu dugu Bask. Gardentasuna bultzatzea da gure euskarri nagusia. Horregatik jartzen dugu zenbat kostatzen den arropa bakoitza sortzea. Planeta ezezik, pertsonak ere errespetatzen dituen marka bat da. Portugalen eta Burgosen (Gaztela eta Leon, Espainia) ekoizten ditugu gure arropak, eta asmoa produkzioaren zati bat Euskal Herrira ekartzea da, baita Bangladeshera ere, hango enpresak inspiratuko dituen modu batean. Zaila egiten zaie jasangarritasunaren ideia barneratzea, baita multinazional handiei ere.

David Goliaten aurka...

Berez hala da, baina David askok Goliat gainditu ahal izango dugu. David asko behar dira eta gu kontziente gara bakarrik ez dugula aldatuko. Inspiratu dezakegu, kontzientziatu dezakegu, baina aldaketak , etortzekotan, gizartetik etorri behar du. 

Agian marketing estrategia txarra izango da, baina jasangarriena ez da gure arropa erostea; jasangarria armarioan ditugun arropak erabiltzea da, puskatu edo guztiz zikindu arte. Alternatibarik ez badugu, eta zerbait erosi nahi badugu, orduan bai joan behar dugula marka jasangarri eta txiki batzuetara. Fast fashioneko arropa baten atzean bi pertsona txiro daude: ekoizten ari dena eta bestea zu zeu. Marken tranpa batean erortzen zara, sinesten duzulako arropa horrekin zoriontasuna lortzen duzula. Hor badago inkoherentzia bat Bask markarekin berarekin: zergatik ari gara ekoizten produktu gehiago dagoeneko badaudenean? Guk uste dugu badagoela gauzak beste era batera egiteko modua, eta beste balore batzuk landu ditzakegula. Moda gizartea kontzientziatzeko modu bat izan daiteke. 

Inkoherentzia horren kontziente zara, beraz. 

Bai, guztiz. Baina gu modako beste marka asko ari gara inspiratzen. Nik uste ari garela aldaketa gauzatzen eta jendearen mentalitatean inpaktua izaten.