Musika garaikidean freskotasuna bilatzen

Maria Maya Manterola 2021ko uzt. 25a, 11:00

Maria Zubimendi akordeoi jotzaileari erantzunak arin datozkio, baina zuzena eta argia da bere hitzetan. Zukan hirukotearen partaidea da, eta haren hitzetan, hori da musikarekin lotutako bere proiektu nagusia. Bere musika ibilbideaz, abangoardiako musikaz zein prekarietateaz aritu da, besteak beste, Baleikerekin.

Gaztea da Zubimendi, 27 urte besterik ez du, baina ibilbide luzea du musikaren munduan. Urte horietan guztietan esperientzia pilatu du lehiaketetan eta eszenatokian, baina baita irakaspenak ere. Sei urte zituenean zabaldu zen Musika Eskola Zumaian, baina hiru urte zituela Azpeitira eraman zuen amak: “Negarrez joan nintzen, eta amak esan zidan ‘Maria, ni banoa’. Sofiak musika jarri zuenean [Sofia Oria zen Azpeitiko eskolako irakaslea Zumaiara etorri aurretik], gustura geratu nintzen bertan”. Zubimendik aitortu du umetatik datorkiola musikarekiko zaletasuna. “Hemen, festetan, txaranga kalean bazebilen edo talde baten kontzertua bazegoen, han egon behar nuen. Abestu ere egiten nuen etxean”, azaldu du.

Akordeoia “bere bizitzako zati garrantzitsu bat” da orain, baina “kasualitatez” hautatu zuen instrumentua. Zeharkako txirula edo akordeoia ziren Zubimendik begiz jota zituen instrumentuak, “nahiz eta elkarren artean zerikusirik ez izan”. “Instrumentuen erronda bat egiten zuten Musika Eskolan, eta hor erabaki nuen”, azaldu du.

Geroago, 9 urte zituela, Carlos Iturralde eta Miren Iñargaren Irungo akademiara eraman zuten gurasoek. Sofia Oria irakaslea Zumaian zebilen orduan lanean, eta hark proposatu zien akademia Zubimendiren gurasoei. “Ez zuten hain haur txikiekin lan egiten, baina hartu egin ninduten”, dio akordeoi jotzaileak. Gogoan du “pozik” joaten zela ostiralero Irunera, eta herrira itzultzen zela klaseak jaso eta gero, euskal dantzetako ikastarora.

Axuri beltza edota Realaren ereserkia jotzetik pieza klasikoagoak eta garaikideagoak jotzerainoko saltoa egin zuen Zubimendik Irunen

Akordeoia beti izan da harentzat “folkloreari lotutako instrumentu bat”, baina Axuri beltza edota Realaren ereserkia jotzetik pieza klasikoagoak eta garaikideagoak jotzerainoko saltoa egin zuen Zubimendik Irunen. “Irakaslea [Iñarga] nahiko zuzena zen, eta gainera, maila profesionaleko jendearekin ohituta zegoen. Salto handia izan zen maila aldetik ere. Orduan hasi nintzen ikasten”, dio.

Baina, duela urte batzuetako Mariari begira jarri, eta sakrifizioaren izenean alboratutako gauza horiek guztiak ere hizketagai izan ditu. Arrasateko Akordeoi Lehiaketan sari ugari eskuratutakoa da Zubimendi, eta garai hura intentsoa izan zela du gogoan: “Lehiaketetara joatea pedagogikoki interesgarria izan daiteke puntu batera arte. Hobeto prestatu dezakezu errepertorio bat. Ikasketa prozesua intentsoagoa izan daiteke horrela. Gainera, ni Arrasatera joaten nintzen abenduan, baina Galiziara otsailean, Kataluniara maiatzean… Bat bukatu eta bestea hasi”. Eszenan esperientzia izateko balio izan zion horrek Zubimendiri, “baina presiopean”. “Lehiaketak ondo joaten ziren eta beti lortzen nuen ordainsaria, baina nerabezaroan gogorra izan zen. Beste gauza batzuk albo batera utzi behar dituzu: lagunekin egotea, denbora librea… hor gehiago izorratzen zaitu”, aitortu nahi izan du.

Zubimendik gaineratu du seme-alabak izango balitu, haiek beste nerabezaro bat izatea gustatuko litzaiokela. “Utziko nieke nahiko balute, baina ni ez naiz saiatuko ama bezala nire seme-alabak hori egin dezaten. Alde batetik, ordainsari asko eskura ditzakezu eta esperientzia asko biltzen dituzu; baina gauza asko uzten dituzu sakrifizioaren izenean. Nire dudak dauzkat ea 12-16 urte bitartean sakrifizio horiek egin behar dituzun, edo gero etorri behar duten. Gerora, denok dakigu sakrifikatzen, helduagoa zara, eta erabaki dezakezu. Baina adin horretan ez duzu hainbeste aukeratzen. Gero hausnartzen duzu horri buruz”.

Lehenengo bizitza, gero lana

Bere ikasketen norabidea hautatzeko unea iritsi zitzaionean ez zuen zalantzarik egin, ordea. “Hainbeste denbora eskaini nionez horri, argi nuen horrek izan behar zuela nire bizitza eta nire lana”. Musikene goi mailako musika ikastegian hasi zen orduan: “Zortzi ordu sartzen nituen egunean instrumentuarekin, eta klase teorikoak ere izaten nituen. Lehenengo urteetan goizeko zazpietan hasi eta gauerdian amaitzen genuen. Nik orain ezingo nuke hori egin. Orduan galdetuko bazenit zer den akordeoia, esango nuke dena zela”. Gaur egun, ideia erromantikotzat dauka hori. Haren hitzetan, musikariek askotan diote ezin duela musikari batek bere instrumenturik gabe bizi, baina zalantzak ditu horretan. “Garrantzitsua izan daiteke, baina lan bat da. Nik orain ez dakit nire bizitza nora joango den, baina baldintzek esaten badute ez dagoela akordeoiarentzat lekurik, bada, ez da egongo”, azaldu du argi. “Nik uste dut lehenengo nire bizitza dagoela, eta gero lana”, dio.

"Jotzetik bizitzeko, egunean 12 ordu ikasten egon beharko zenuke, eta egunero kontzertuak ematen. Hori musikari batentzat ez da posible”

Ideia erromantiko horien atzean ezkutatzen den prekarietateaz ere mintzo da Zubimendi. “Oraintxe ez zait inor burura etortzen jotzetik bakarrik bizi dena. Arrazoi nagusietako bat prekarietatea da, zalantzarik gabe. Prekarietatea eta lan mota. Jotzetik bizitzeko, egunean 12 ordu ikasten egon beharko zenuke, eta egunero kontzertuak ematen. Hori musikari batentzat ez da posible”, azaldu du.

Zubimendiren hitzetan, kontzertu baterako musikariak jarritako cacheak ez ditu kontzertua prestatzeko emandako ordu guztiak estaltzen. Eta horri irregulartasunak gehitu behar zaizkio: “Pandemia etorri da, eta gauza jakina da musikariok nola gauden. Ez badaukazu jarduerarik, ez dago soldatarik. Nire ametsetako bat da interpretaziotik bizitzea. Baina asko falta da horretara iristeko, argi urteetara gaude”.

Frantziako Gobernuak musikarien lana duintzeko duen tresna bat aipatu du akordeoi jotzaileak. Intermittence sisteman datza: “Kalkula dezakezu urtean zenbat diru sarrera izango dituzun, eta Estatuak laguntza bat ematen dizu soldata hori urtean zehar modu erregular batean banatu ahal izateko. Hemen ez daukagu horrelako ezer. Eta, gainera, azkenaldian atera dituzten laguntzak oso urruti daude errealitatetik”.

Zubimendik bere kasua mahaigaineratu du: “Ni autonomoa naiz: musikaria izateaz gain, kultur kudeaketan egiten dut lan, eta, beraz, nire soldataren zati bat Administraziotik dator. Laguntzak jaso ahal izateko, zure soldataren % 70 jaso behar duzu kultur jardueratik. Eta ni ez naiz sartzen. Musikari txikiak ez gara sartzen”. Zubimendik gaineratu du ez duela argi kargu garrantzitsuetan dagoen jendeak errealitatea ezagutzen duen eta hori aldatzeko ahalmenik duen.

Zure momentua

Zubimendi instrumentua jotzen ari denean beste nonbait dagoela dirudi. Ondo sentiarazten du akordeoia jotzeak, eta duela urte batzuetatik urduritasunari aurre egiten ikasi du: “‘Hau egiten dut, nire lana ondo dago prestatuta, eta disfrutatzera noa’. Hori izaten dut buruan. Denok daukagu errealitate bat eta errutina bat, baina momentu horretan ez zara ari horretan pentsatzen. Zuk gozatzeko eta publikoa gozarazteko momentua da. Prozesu bat da: mobila itzali, eszenatokirako jantzi eta prestatu...”.

Akordeoi jotzaileak, baina, gogorarazi nahi izan du musikaria izatearen zati bat besterik ez dela interpretazioarena. Zukan hirukotea da Zubimendirentzat musikarekin lotutako bere proiektu nagusia. Gorka Catediano eta Ion Ansorenarekin batera aritzen da taldean. Musikenen ikasten ari zirela sortu zen: “Zuzendaritzatik esan ziguten Bernaola Gasteizko jaialditik kolaborazio bat egin nahi zutela Musikenerekin eta ea joko genuen. Garai hartan akordeoiaren, txistuaren eta perkusioaren arteko obra bakarra zegoen”, dio. Gaur-gaurkoz, hiru instrumentu horiekin interpretatzeko 30 pieza inguru sortu dizkiete konpositoreek enkarguz. 

Hirukotea “oso momentu onean” dago, Zubimendiren hitzetan. “Gure proposamena ez da oso komertziala, baina maila nazionalean dago zirkuitu bat jaialdi garaikideena, eta horrek mugimendu handia sortu du. Azken bi urteak oso onak izan dira, hilero ditugu kontzertuak Espainiako zenbait lekutan”, dio. “Ez behar lukeen bezainbeste”, baina gainerako musika estiloek baino babes instituzional handiagoa dutela uste du Zubimendik. Dirulaguntzetan murrizketak nabaritu arren, mugimenduan mantendu ahal izan dute beren jarduera.

Musika garaikidea naturala dela transmititzen saiatzen dira ikus-entzuleei: “Freskura bilatzen saiatzen gara. Badakigu egiten duguna ez dela gauza komertzial bat, baina publiko orokorrari gerturatzen saiatzen gara”. Zubimendirentzat garrantzitsua da azaltzea artea gustatzeko ez dagoela ulertu beharrik. “Nire amak askotan musika garaikidea jartzen du. Nik ere ez nuke hori egingo, baina berari gustatzen zaio, ohitura duelako musika hori kontsumitzeko. Naturala bihurtu da, nahiz eta musikaz ez jakin”, jarri du adibidea.

“Freskura bilatzen saiatzen gara. Badakigu egiten duguna ez dela gauza komertzial bat, baina publiko orokorrari gerturatzen saiatzen gara”

“Ez dugu ahaztu behar gaur egun lehengo musika jotzen dela. Ez ditugu ahaztu behar izen handi horiek, baina kontuan izan behar da programatzeko orduan gaur egungo musikarien lana ere. Azken finean, artea da”, gaineratu du.

Datozen hilabeteotan kontzertuak emango dituzte Espainiako hiriburuetan, eta azaroan etenaldia egingo dute, 2022ko martxoan edo apirilean grabatuko duten bigarren diskoa prestatzeko. 2019an grabatu zuten lehenbizikoa, eta ordutik “obren produkzio handia” egin dutela azaldu du Zubimendik: “Musika oso efimeroa da, eta ez bazoaz tarteka grabatzen, galdu egiten da. Momentua dela ikusi dugu. Grabatuko dugu IBS Classical diskografikarekin, Espainiako diskografia potenteenetako bat. Beraiek eskatu ziguten, interesa zutela esan ziguten, eta oso pozik gaude”.

Oraindik ez dute bigarren diskoaren argitalpen data zehatzik, baina dena ondo bidean, datorren urtearen amaieran entzun ahal izango dira Zukanek azken bi urteetan egindako lanaren fruituak.