Dinastia Etxabe 2021

Gaur hasiko da 49. Dinastia Etxabe pilota txapelketa

Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 23a, 12:15
Ekain Lizeaga, ezkerrean. Argazkia: Kronika.eus

Iazko hutsartearen ondoren, bueltan da Dinastia Etxabe pilota txapelketa. Gaur hasi eta ondo bidean, abuztuaren 26ra bitartean jokatuko dira eskuzko partidak Aitzuri frontoian. 

Zumaiako Pilota Elkarteak ez zuen iaz txapelketa antolatu, une hartan bizi genuen osasun egoera zela eta. Urtebetean ez da egoera asko aldatu, baina aurten Dinastiaren 49. edizioa antolatzeko gogoa erakutsi du kirol elkarte honek. 

Aurreko urteotan bezala, gazte-jubenil eta 23 urtez azpikoen kategoriatan jokatuko da txapelketa. Gazte-jubenil mailako pilotariek abuztuaren 2an hasiko dute lehia; 23 urtez azpikoek, aldiz, gaur bertan. 21:00etan hasita jokatuko dira txapelketako lehen norgehiagokak Aitzuri frontoian.

Final zortzirenen edo, beste era batera esanda, kanporaketen lehen jardunaldia jokatuko dute gaur –bigarren jardunaldia hemendik astebetera jokatuko da, uztailaren 30ean–. 23 urtez azpikoen mailako lau bikote final laurdenetarako zuzenean sailkatuta daude; beste lau bikoteak gaurko eta datorren asteko kanporaketetan erabakiko dira.

Antolatzaileek iragarrita zituzten zer lau bikote kantxaratuko ziren gaur Aitzurira, baina pilotari batzuen arazo fisikoak direla medio, aldaketak izan dira. Hala, gaur bi partida hauek jokatuko dira:

  1. Olaetxea-Markaida / Altuna-Ekain Lizeaga
  2. Elola-Apezetxea / Julen Alberdi-Balerdi

Sarrerak frontoiko leihatilan izango dira salgai, 7 euroan.