Zumaiako Musika Jaialdia 2021

Egitarau anitza prestatu dute Musika Jaialdiaren 37. ediziorako

Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 22a, 16:58

Hurrengo larunbatean hasiko da Zumaiako Musika Jaialdiaren 37. edizioa. Egitarau anitza prestatu dute Zumaiako Udaleko Kultura Sailak eta antolakuntzan laguntzen duten herri talde eta eragileek. Aurretik, bihar, udalekuetako haurrei zuzendutako kontzertu berezi bat izango da. 

Bizi dugun egoera "zail eta konplikatuaren" jakitun, baina jaialdiaren beste edizio bat aurkezteko pozarekin. Hala aurkeztu dute gaur Zumaiako Musika Jaialdiko 37. edizioa, Alondegiko Oxford aretoan egindako ekitaldian. Uztailaren 31tik abenduaren 12ra bitartean egingo da aurten jaialdia.

Egun hauetarako prestatutako egitaraua "anitza" dela azpimarratu du Marina Bidasoro kultur zinegotziak. Berekin izan dira prentsaurrekoan Jose Mari Azkue Zumaiako Bandako zuzendaria, Maria Zubimendi akordeoi jotzailea, Amaia Aldalur San Pedro Abesbatzako zuzendaria, Marixi Sesma Sapere Aude Sinfonietta orkestrako kidea, eta Miriam Romatek kultur teknikaria. 

Herriko taldeak eta musikariak

Berez, hurrengo larunbatean, hilaren 31n, San Inazio Egunean, egingo da jaialdiko lehen kontzertua. Aurretik, baina, bihar bertan, udalekuetako haurrei zuzendutako kontzertu berezi bat egingo da zabaldu berri den Komentuko lorategian. Aurreko astean iragarri zen bezala, Udaleko Musikalak bertan behera geratu dira bizi dugun osasun egoera dela medio. Jaialdiko antolakuntzak ez ditu haur eta gaztetxo hauek ahaztu nahi izan, eta hauei zuzendutako emanaldi berezia antolatu dute: azken Klarinete Maratoikoko laukote lehiaketako irabazleek musika saioa eskainiko diete haurrei, goizeko 11:30ean.

Jaialdiaren irekiera, ordea, uztailaren 31n izango da. Egun horretan, Astor Piazzola musikari argentinarra izango dute gogoan haren jaiotzaren ehungarren urteurrenean. Jose Mari Azkue zuzendari duen Zumaiako Musika Banda eta Maria Zubimendi akordeoi jotzaile zumaiarra igoko dira Zumaienako agertokira, 20:00etan. "Bandak keinu bat egin nahi izan zuen Piazzolaren jaiotzaren urteurrena zela eta; bandoneona jotzen zuen Piazzolak, eta akordeoia etorri zitzaigun burura, eta hor Maria Zubimendirekin hitz egin genuen". Libertango bezalako obren sortzailea da Piazzola, bere lan entsutetsuena, eta hori ere joko dute taldeak eta bakarlariak, baina baita lan ez hain ezagunak ere. Maisu argentinarraren beste aurpegi bat erakutsi nahi dute Bandak eta Zubimendik, aurkezpenean azaldu dutenez.

Egun bat geroago, abuztuaren 1ean, San Pedro Abesbatzaren txanda izango da. Isildu nahi ez den hura izenburua duen kontzertua eskainiko du Amaia Aldalurrek zuzentzen duen koroak. Mari Carmen Azpeitiaren pianoak eta soka laukote batek lagunduta abestuko du abesbatzak. Herriko musikari baten, Iker Gonzalez Cobeagaren, bospasei lan abestuko dituzte, eta horietako bat lehen aldiz abestuko den obra izango da. Keinu honekin aitortza egin nahi dio Abesbatzak bere taldekideari, Amaia Aldalurrek esan duen bezala, "Zumaiako herriak bertako konpositore baten berri izan dezan".

Abuztuaren 2an Sapere Aude Sinfoniettaren kontzertua izango da, Zumaienako aretoan, 20:00etatik aurrera. Maurice Ravel eta Richard Strauss konpositoreen obrak joko ditu orkestrak. Taldeko kide Marixi Sesma zumaiarraren esanetan, mende aldaketa guztietan mugimendu handiak izan dira, eta "XIX. mende hasieran Donostia eta Miarritze artean mugimendu handia izan zen; Ravel eta Strauss hemen inguruan egon ziren garai hartan, eta Ravel Zumaian ere egon izan zen". Konpositore bakoitzaren obra bana joko ditu taldeak, eta Zumaiako kontzertuak izango du berezitasun bat, lehen aldiz emakume batek zuzenduko duelako Sapere Aude Sinfonietta orkestra, Carmen Brito Lopez kanariarrak, hain zuzen ere.

Jazza, dantza, Donostiako Hamabostaldia

Jaialdiaren aurreko urteetan bezala, Donostiako Hamabostaldiko kontzertuak izango dira Zumaian. Abuztuaren 3an, Ludmila Matsyuraren organo kontzertua egingo da San Pedro parrokian, 20:30ean. Donostiako Organo Hamabostaldiko kontzertua izango da hau. Abuztuaren 6an, berriz, Judith Jauregui pianista donostiarraren eta Jesus Reina piano jotzailearen kontzertua izango da parrokian, 20:30ean hasita. 

Jazz eta euskal musika uztartuko dituen emanaldia ere izango da aurtengo jaialdian, Aldapeko Basque Latin Jazz taldearen eskutik. Euskal musika tradizionalak erritmo latinoekin eta jazz harmoniekin nahasten ditu proiektu honek. Emanaldia 20:00etan izango da Zumaienako patioan. Operak ere izango du bere tartea. Hala, abuztuaren 10ean Giuseppe Verdiren Nabucco obra emango da Aita Mari zinean, 19:30ean hasita. 

Aurreko urteetako ildoari jarraiki, dantza saioak ere izango dira egitarauaren barruan. Abuztuaren 4an Cajita de música haurrentzako dantza ikuskizuna egingo da Odietan, 19:00etatik aurrera. Abuztuaren 12an, berriz, dantza garaikideari irekiko zaizkio ateak, bi obrekin. Batetik, Xabier Zeberio eta Amaia Elizaranen Out, eta gero Larrua proiektuaren Idi begi. Saio hau 20:00etan izango da, Odietan.

Sarrerak eta gonbidapenak

Emanaldi eta ikuskizun hauetarako sarrerak doan izango dira, bi saioetarako izan ezik. Sapere Aude Orkestraren kontzerturako sarrerak 10 euro balioko dute, 3 euro haurren kasuan. Opera proiekziorako sarrerak, berriz, 5 euroan izango dira salgai Aita Mariko atean.

Gonbidapenak uztailaren 27an banatuko dira, 10:00etatik 13:00etara, Oxford aretoan. Ekitaldi bakoitzetik pertsonako bi gonbidapen emango dira gehienez. Banatu gabe geratzen diren gonbidapenak turismo bulegoan eskuratu ahal izango dira uztailaren 28tik aurrera.