Zumaiako XXXIII. Argazki Lehiaketako lanen erakusketa zabalduko dute bihar

Maria Maya Manterola 2021ko uzt. 22a, 09:16
'Argi jokoak' izeneko lan honekin irabazi du lehiaketa Jose Mari Razkinek. (Jose Mari Razkin)

Joxe Joan Azkueren oroimenez antolatzen duten lehiaketako lan onenak bihartik, ostirala, abuztuaren 8ra arte ikusi ahal izango dira Oxford aretoan. Irekierarekin batera, sari banaketa ekitaldia egingo dute, 18:30ean.

Zumaiako XXXIII. Argazki Lehiaketara aurkeztutako argazki onentsuenak biltzen dituen erakusketa ikusi ahal izango da Alondegiko Oxford aretoan bihartik, ostirala, abuztuaren 8ra bitarte. Arratsaldez zabalduko dute aretoa, 18:30etik 20:30era, eta bihar, irekieraz gain, sari banaketa ekitaldia ere egingo dute 18:30ean. 

Joxe Joan Azkueren oroimenez antolatzen den lehiaketan 150 argazkilarik parte hartu dute, eta Jose Mari Razkinen Argi jokoak lana izan da onena, epaimahaiaren ustez. Bigarren saria Manu Barreiro beasaindarrak eskuratu du Faded argazkiarekin, eta hirugarrena, Marcel Van Balken herbeheretarrak jaso du, Gateway izenburua duen argazkiagatik. Soraya Lopez izan da zumaiar onena, Viaje a la luna lanarekin.

Lehiaketara aurkeztutako lanak Distiraren webgunean ere ikus daitezke.