Tolosaldeak irabazi du ETE ligan Zumaiako bandera

Amaia Urbieta Arruti 2021ko uzt. 17a, 19:04

Delteco Zumaia seigarren izan da gaurkoan, beraz, bigarren txandan aterako da hurrengo estropadan. 

Arraun jardunaldiak arratsaldean izan du jarraipena Zumaian. ETE ligako traineruak izan dira lehian; tartean, baita Telmo Deun ere. Hirugarren txandan ureratu da Zumaiako ontzia. Estu hasi da txandako lehia, izan ere, lautik hiru traineruk, tartean Delteco Zumaiak, denbora bera egin dute lehen ziabogan: 05:18. Denbora hobea egin du Tolosaldeak, ordea, eta bigarren luzean ere aise menderatu du txanda. 10:51,41 denboran amaitu ditu lanak Tolosaldeak, eta hamaika puntuak poltsikoratuta, ETE ligako sailkapenean lider da gaur-gaurkoz. Zumaiarrak seigarren sailkatu dira gaurko estropadan. 11:06,69an amaitu dituzte lanak, beren txandan laugarren. 

Atsedena izango dute ETE ligako arraunlariek datorren asteburuan. Bien bitartean, abuztuaren 1ean jokoan izango duten Emakumeen Traineru Elkartea III. Banderarako prestatzen jarraitu beharko dute. Gaur izandako emaitzen ondorioz, bigarren txandan ureratuko da Delteco Zumaia estropada horretan.

Sailkapena:

Tolosaldea 10:51,41
Hibaika 10:57,37
Deusto 10:58,05
San Juan 11:00,73
Ondarroa 11:04,59
Zumaia 11:06,69
Zarautz 11:20,50
Lutxana  11:30,20
Lapurdi  11:41,89
Castro 11:44,80

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea