Dinastia Etxabe 2021

Uztailaren 23an hasiko da XLIX. Dinastia Etxabe pilota txapelketa

Aritz Mutiozabal 2021ko uzt. 17a, 13:00

Guztira, bederatzi jardunaldik osatuko dute, eta finala abuztuaren 26an jokatuko da. Partida guztiak 21:00etan jokatuko dira, Aitzuri pilotalekuan.

Iazko hutsartearen ondoren, Dinastia Etxabe pilota txapelketa klasikoa berriro bueltan da. Uztailaren 23tik abuztuaren 26a bitartean jokatuko da Aitzuri pilotalekuan, eta ohiko moduan, 40 pilotari ariko dira lehian gazte-jubenil mailan eta 23 urtez azpiko mailan. Parte hartzaile kopuruaren erdia gipuzkoarra da –22 pilotari, guztira–, eta beste mordoxka bat nafarrak –13 pilotari–; gainerakoan, lau bizkaitarrak dira eta bat errioxarra.    

Txapelketaren dinamikari dagokionez, 23 urtez azpiko mailakoak izango dira partidak jokatzen hasiko diren lehenak. 24 jokalariz osatutako multzoa da, hamabi bikotetan banatua, eta horietako zortzi final-zortzirenetan abiatuko dira txapelen bila, kanporaketa sisteman lehiatuz.  

Uztailaren 23an, datorren ostiralean, bi partida izango dira jokoan: alde batetik, Olaetxea-Lazkao Senar-ekain Lizeagaren aurka, eta bestetik, Elola-Apezetxea Julen Alberdi-Balerdiren aurka. Bigarren final-zortzirenetako norgehiagokak astebete geroago izango dira, hilaren 30ean.
     
Gazte-jubenil multzoan, bestalde, hamasei pilotari ariko dira nor baino nor, zortzi bikotetan osatuta, eta hauek final-laurdenetan ekingo diote lehiari. Abuztuaren 2an izango da kategoriako lehen partida: Iker Egiguren-Iztueta Unai Amiano-Garciaren aurka.    

Txapelketan zehar jokatuko diren partida guztiak 21:00etan izango direla jakitera eman dute antolatzaileek.