Egia bihurtu da Jabier Txapartegiren ametsa

Baleike 2021ko uzt. 14a, 17:11

Ostiralean, uztailak 16, 18:00etan zabalduko ditu ateak Kantauri Itsas Ondarea izena daraman museoak. Itsasontziei eta ontzigintzari lotuta altxorrak ikus daitezke bertan, horietako asko duela 100 urte ingurukoak.

Ia guztiok dugu lanbidea, eta guztiok dugu zaletasun bat. Jabier Txapartegiren zaletasun batek lotura estua du lanbidearekin. Izan ere, urte ugariz familiako desegite enpresan lanean aritu ondoren, urte horietan bildutako altxorrak erakutsi nahi zituen Txapartegik. Hala, museo batean batu ditu altxorrak: Zumaiako Kantauri plazan kokatutako Kantauri Itsas Ondarea museoan.

“Euskal Herriko Detroit dela esan dezakegu, bertan industriak izan duen garrantzia dela eta. Zumaian itsasontzien motorgileek izan duten garrantzia nabarmena da, eta horiei omenaldi txiki bat egiteko modua ere ba da museoa”, agertu du.

Museoan hainbat bitxikeria ikusteko aukera izango da, besteak beste, filmetan soilik ikus daitezkeen hainbat pieza: 100 urte inguruko iparrorratzak, aingurak, lemak… “Lanean itsasontziak desegiten aritzen ginen, batik bat, eta urte horietan lortu nituen pieza asko. Gainontzekoak, aldiz, azoka desberdinetan erosi ditut, edota lagunen bidez lortu ditut”, azaldu du.

Itsasontzi eta enpresa ugari eta handiak desegin ditu Txapartegik: 110 metro luzerako Iraty, Yeregui Hermanos motor enpresa, Urola estazio zaharreko trenbideak eta garabiak... “Izugarrizko altxorrak denak! Tristea da dena desagertzea”, dio.

Urte horietan bildutako piezekin osatu du, beraz, bere bilduma Txapartegik, eta uztailaren 16ko 18.00etatik aurrera ikusgai izango da nahi duenarentzat Kantauri plazako Kantauri Itsas Ondarea museoan.