1.017,60ra igo da intzidentzia tasa Zumaian

Baleike 2021ko uzt. 14a, 13:02

Beste hamasei positibo atzeman dituzte Zumaian, eta gora egiten jarraitzen du kasu metatuen tasak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, Zumaian atzo, asteartea, hamasei kasu positibo baieztatu zituzten PCR eta antigeno probetan. Intzidentzia tasa 1.017,60ra igo da azkeneko datuekin, eta eremu gorrian jarraitzen du herriak.

Urola Kosta eskualdean, guztira, 51 positibo hauteman zituzten atzo. Zumaian eta Zarautzen atzeman dituzte positibo gehien, eta Zarautz eremu gorrian sartu da 428,32ko tasarekin; hemeretzi positibo hauteman dituzte han. Azkoitian zortzi kasu izan dira, eta Zarautz bezala, eremu gorrian sartu da. 417, 26ko tasa du gaur-gaurkoz. 

Azpeitian, bestalde, hiru positibo zenbatu dituzte eta 262,81eko tasarekin eremu horian jarraitzen du. Getaria ere eremu horian dago 212,01eko tasarekin; han atzo bi positibo detektatu zituzten. Errezilen, Orion eta Zestoan, aldiz, positibo bana atzeman dute azken orduetan. Orio eremu laranjan dago 342,47ko intzidentzia tasarekin, eta Zestoa –179,76ko tasa– zein Errezil –161,03ko tasa– eremu horian daude. Aian –251,89ko tasa–, Aizarnazabalen –390,12ko tasa– eta Beizaman, berriz, ez dute positiborik zenbatu.

Hildakorik ez azken asteetan

Hego Euskal Herrian azken bi asteetan ez da izan COVID-19ak eragindako hildakorik. Kasuak berriz ere gora egiten ari badira ere, ospitaleetako ZIUak ere egonkor mantentzen dira. Atzo egindako probetan 1.521 positibo hauteman zituzten, herenegun baino 249 positibo gehiago. Nafarroan detektatu zituzten atzo positibo gehien: 532, guztira. Lurralde horretan 3.232 test egin zituzten, eta beraz, positibotasun tasa %16,5ekoa izan zen –herenegun %15,9koa zen–. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bestalde, 989 positibo atzeman zituen Osasun Sailak; lurraldeka, Araban 35 positibo hauteman zituzten, 462 Bizkaian eta 398 Gipuzkoan. Hala eta guztiz ere, lurralde horietatik kanpo bizi diren 35 lagunek ere positibo eman zuten. Guztira, 11.651 proba egin zituzten, eta beraz, positibotasun tasa %8,5ekoa izan zen.

Ospitaleen egoeraren berri ere eman dute Osasun Sailak eta Osasunbideak. Gaur-gaurkoz 99 pertsona daude Osakidetzaren mendeko erietxeetan ospitaleratuta –atzo 87 ziren–, eta 31 Nafarroako ospitaleetan; 31 lagun ospitaleratu dituzte azken orduetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta lau Nafarroan. ZIUetan daudenak, aldiz, 26 dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –23 ziren atzo– eta hamar Nafarroan. 

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, bestalde, 31 puntu egin du gora, eta dagoeneko 377,87koa da zenbatekoa; eremu gorritik gertu kokatu da beraz hiru lurralde horietako zenbatekoa. Gaixotasunaren birsorkuntza tasa zehazten duen R0 indizea, ostera, 1,31koa da orain hiru lurralde horietan –1,30ekoa zen atzo–. Datu horren arabera, positibo bakoitzak pertsona bat baino gehiago kutsatzen du orain.