33 positibo atzeman dituzte Zumaian asteburuan

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 12a, 13:16

Azken hiru egunetako datuak kontuan hartuta, 824,26ra igo da Zumaiako intzidentzia tasa. Dena den, orokorrean, etengabe ari dira gora egiten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi jakinarazi ditu joan den ostiraletik atzora bitartean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herrietan zenbat positibo hauteman dituen. Dokumentuaren arabera, Zumaian 33 kasu positibo baieztatu dituzte; hain zuzen, hamabost ostiralean, hamahiru larunbatean eta bost atzo, igandean. Aurreko asteburuan (uztailaren 2tik 4ra bitartean) hamahiru kasu izan ziren herrian.

Asteburuko datuekin gora egin du Zumaiako intzidentzia tasak: 783,56an zegoen aurreko ostiralean, eta 824,26an dago une honetan. Beraz, eremu gorrian jarraitzen du Zumaiak.

Urola Kosta eskualdean aurreko asteburuan atzemandako kasuen bikoitza zenbatu dituzte azken asteburuan; izan ere, aurreko asteko astelehenean 44 positiboren berri eman zuen Osasun Sailak, eta gaur 92. Zumaiako 33 kasuez gain, 27 positibo baieztatu dituzte Zarautzen –11 ostiralean eta zortzina larunbatean eta atzo–, eta eremu laranjan sartu da 355,51ko tasarekin. Azkoitian, berriz, hamabi positibo zenbatu dituzte, eta eremu laranjan sartu da 308,77ko tasarekin.

Orio eta Azpeitia eremu horian dauden herriak dira. Orion zortzi positibo zenbatu dituzte –launa ostiralean eta larunbatean–; 260,93ko tasa dute han. Azpeitian, ostera, bost kasu detektatu dituzte –bat ostiralean eta bina larunbatean eta atzo–; 210,25eko tasa dute han. Getarian, bestalde hiru positibo atzeman dituzte, atzo egindako probetan hirurak, eta 106,01eko tasarekin eremu horira pasatu da. Aian bi positibo detektatu dituzte, biak ostiralean, eta 151,13ko tasa duten han. Aizarnazabalen eta Zestoan, berriz, positibo bana hauteman dute. Aizarnazabalen 390,12ko kasu metatuen tasa dute, eta Zestoan 154,08koa. Beizaman eta Errezilen ez dute positiborik baieztatu.

Milako langa gaindituta

Hego Euskal Herrian 1.040 positibo atzeman zituzten atzo, igandea, egindako probetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 672 positibo baieztatu zituzten atzoko egunean zehar egindako 6.923 probetan; positibotasun tasa %9,7an kokatu da gaur hiru lurralde horietan. Nafarroan, aldiz, 368 positibo zenbatu zituzten atzo. 2.380 lagunek egin zuten PCR edo antigeno proba, eta beraz, testa egindakoen %15,5ek eman zuen positibo atzo lurralde horretan. 

Ospitaleen egoeraren berri ere eman du txostenak; izan ere, atzo 23 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Osakidetzaren mendeko erietxeetan 82 lagun daude ospitaleratuta –aurreko astelehenean 50 ziren–. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) egoera aurreko astekoa baino hobea da. Joan den astelehenean zainketa berezia behar zuten 36 herritar zeuden ZIUan, eta egun 28.

Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa adierazten duen R0 indizea behera ari da egiten egunez egun. Egun 1,32an dago kokatuta –1,51koa zen aurreko astelehenean–. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa, berriz, 318,77koa da gaur-gaurkoz.