San Telmo ermita eta kofradia ezagutzeko bisita gidatuak izango dira uztailean

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 8a, 18:30

Astearteetan eta larunbatetan bisitatu ahal izango da kofradia, eta ermitara, aldiz, asteazkenetan, ostiraletan eta igandeetan egingo dituzte bisita gidatuak.

Uztailaren 1etik 29ra bitartean, "Telmo Deunak herrian utzitako arrastoak" ezagutzeko aukera izango da; zehazki, San Telmo kofradia eta ermita. Bisita gidatuak egingo dituzte bi lekuetara, eta udalaren arabera, "antzinako istorioak eta bitxikeriak" kontatuko dituzte saio horietan. Astearteetan eta larunbatetan izango dira bisitak kofradiara, 17:00etatik 19:30era. Asteazkenetan, ostiraletan eta igandeetan, ordea, ermita bisitatu ahal izango dute interesdunek.

Hamabost minutu iraungo du saio bakoitzak, eta euskaraz nahiz gaztelaniaz izango dira. 1,50 euro ordaindu beharko du parte hartzaile bakoitzak. Informazio gehiago nahi dutenek, dena den, turismo bulegora jo dezakete.

Benta-lekuetan arraina enkantean saltzeko erabiltzen zen makina bat dago Zumaiako kofradian; hain zuzen, Euskal Herrian geratzen den azkeneko makina. "Garai batean arrainaren salmenta nola egiten zuten ikusteko leku bakarra da, beraz, Zumaiakoa", azaldu du udalak. Ermitari dagokionez, "aise ezaguna" izan arren, "sekretuak" dituela jakinarazi du.