Iñaki Ostolaza: "Agintaldi hasieran zehaztutako ekimen guztiak daude martxan edo bideratzeko moduan"

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 9a, 09:00

Aurreneko agintaldiaren erdia bete du alkatetzan Iñaki Ostolazak (Zumaia, 1968), EH Bildu alderdiarekin. Pandemiak baldintzatutako bi urte hauek eta udal gobernuak hartutako neurriak izan ditu hizpide, eta datozen bi urteetarako asmoen berri ere eman du: Zumaiako Udalaren "norabide aldaketan" sakontzea du helburu Ostolazak.

Nola definituko zenuke igaro berri den agintaldi erdia?

Orain arte, agintaldi oso arraroa izan da. Pandemia dela-eta, espero ez genuen egoera batean aurkitu gara, eta egoera oso arraro bat kudeatu behar izan dugu. Pentsatuta genituen plan asko geratu dira atzeratuta edo, behintzat, uste genuena baino polikiago joango dira.

COVID-19a gurera heldu zenean, zeintzuk izan ziren udal gobernuaren lehentasunak?

Pandemia etorri zenean, lehenengo gauza izan zen guretzat pertsona zaurgarriak artatzea: zer behar zituzten ikustea, haientzako zer pauso eman behar genituen hausnartzea eta horiek martxan jartzea. Izan ere, egoera hori gainera etorri zitzaigunean, jende asko geratu zen, adibidez, etxetik nola atera ez zekiela, edota jende asko bizi zen bakarrik. Haiei eman behar zitzaien laguntza lehenengo. Adinekoen egoitzetako egoera arintzeko neurriak ere hartu ziren, garbiketa lanak egin ziren, babes neurriak jarri ziren martxan... Gauza horiek guztiak bultzatu genituen udaletik.

Zumaia, gainera, betidanik izan da auzolanak funtzionatu izan duen herri bat. Pandemia etorri eta, bat-batean, hainbat ekimen jarri zituzten martxan Torreberri gaztetxetik nahiz beste zenbait eragiletatik. Guri ere proposatu zizkiguten zenbait ekimen, eta laguntzeko prest egon ginen. Esaterako, gure laguntzarekin eta boluntarioen lanarekin, martxan izan zen erosketak egiteko eta etxebizitzetara eramateko sare bat, maskarak egiteko sare bat, nahiz haurrek euskaraz hitz egin ahal izateko sare bat. Jende asko batu zen lan horietara, eta guk logistikari lotutako kontuak bermatu genituen. Ekimen ugari izan ziren, eta uste dut guztiak egin zirela elkarlanean; udalaren eta hainbat talderen artean, auzolanean.

Aurreikuspen asko jarri zituen hankaz gora COVID-19ak. Udal gobernuaren kasuan, gertatu al da agintaldi hasieran zehaztutako lerroren bat etetea pandemia zela-eta?

Aurrera eraman ezinda geratu baino, atzeratu edo makaldu egin dira zenbait lerro. Zenbait proiekturekin ezin izan dugu uste genuen abiadura hartu, urtebete igaro baitugu pandemiaren eraginen kudeaketan zentratuta. Dena den, gobernuan sartu ginenean agintaldirako plan bat geneukan, eta hein handi batean, zehaztuta genituen ekimen guztiak daude martxan edo bideratzeko moduan. Eta dezente martxa onean gainera, ikusita zer etorri zaigun gainera.

Ekain bukaeran ireki zenuten komentuko lorategia. Zein izango dira hurrengo urratsak?

Agintaldiko planeko proiektu garrantzitsuenetariko bat da komentuarena. Zumaiaren erdian dagoen espazio hori egokitu eta obra egin nahi genuen batetik, baina bestetik, behin itxura hartuta, edukia mamitu behar dugu. Eta horretan ari gara. Arte eszenikoekin lotuta dauden hainbat eskola kokatu nahi ditugu han, baina orokorrean, eraikina sorkuntzarako motore bat izatea nahi dugu. Gainera, eredu aldaketa bat beharrezkoa dela uste dugu: espazioak autogestionatua izan behar duelakoan gaude, eta horretarako ari gara lanean zenbait kultur eragilerekin. Kultur mahaia jarri nahi dugu martxan, eta hortik abiatzea gunearen kudeaketa. Dena den, makalaldi bat egon da proiektuaren finantzazioari dagokionez, eta hori lortzeko hainbat ate jotzen ari gara.

Ekaineko ohiko osoko bilkuran erabaki zenuten udal eraikinen garbiketa zerbitzua publifikatzea eta langileak subrogatzea, eta hautsak harrotu ditu erabaki horrek.

Pauso oso garrantzitsua izan zen, horrek markatuko dituelako etorkizunean etor daitezkeen publifikazioak, etortzen badira behintzat. Behin eredu bat eta adostasuna finkatuta, errazagoak izango dira gainontzeko prozesuak. Agintaldi hasieran utzi genuen argi zerbitzu publikoen aldeko apustua egiten genuela, eta pandemian ikusi da zerbitzu publikoak askoz ere egokiago kudeatu direla azpikontratatutakoak baino. Gure ustez, udalari dagozkion zerbitzu publiko guztiak eman beharko lituzke zuzenean udalak.

Urte asko dira udalean zerbitzu asko azpikontratatzen direla, beste eredu bat jarri nahi izan baita indarrean. Eta horri ezingo zaio agintaldi batean buelta eman, baina pausoak ematen hasi beharra zegoen. Saiatuko gara beste zerbitzu batzuk ere publifikatzen, eta hori ezinezkoa den kasuetan, lizitatzerakoan klausula sozialak ezartzen. Bermatu behar dugu herritarrei zerbitzu ona ematen zaiela eta zerbitzua ematen dutenek, behintzat, egoera duinean egiten dutela lan.

Zein kontrol dauka udalak azpikontratatutako zerbitzuen gainean? Eta nola bermatzen da kontrol hori?

Berez, zerbitzu bat lizitatzean, aurreikusten da udalak edo udal teknikariek eduki behar dutela, nolabait, zerbitzuaren gaineko kontrola. Baina zerbitzu hori ez du zuzenean udalak ematen, enpresa batek baizik, eta beti egon behar gara enpresaren erantzunaren zain edo enpresarekin negoziatzen. Bitartekari bidezko harreman horrek askotan zailtzen du transmisio-uhala. Kontrol zuzena baino askoz ere zailagoa da kontrol forma hori, baina beti dago egon beharko lukeen kontrola, nahiz eta batzuetan besteetan baino zailagoa den.

Behin baino gehiagotan aipatu duzu ehun industriala "indartsu mantentzea" dela udal gobernuaren apustu nagusietariko bat.

Azken urteetan leku askotan aipatu dute Zumaia norako turistiko modura, eta turismoak gorakada handia izan du. Jardun osagarri bat izan arren, ordea, gure indarra ez dago turismoan, baizik eta industrian; Barne Produktu Gordinaren erdia dator industriatik Zumaian. Betidanik izan da halakoa herria, eta berdin jarraitzea nahi dugu. Horretarako, baina, enpresak erakarri behar dira, Macarbox kasu. Gero lursailak prestatu behar dira enpresak horietan egon daitezen, eta zentzu horretan kokatu genuen, adibidez, Xey eremuko lursail bat Sprilurri saldu izana urte hasieran. Norabide horretan eta elkarlanean, lan diskretua eta eraginkorra ari gara egiten Sprilurrekin nahiz beste zenbait eragilerekin.

Eta turismoa aipatu duzunez, zer nolako eredua jotzen duzue egokitzat?

Oso ondo dago jendea Zumaiara etortzea, ongi etorriak dira guztiak. Bertako ekonomiaren zutabeetako bat izan daiteke turismoa, baina eredu jasangarri bat izan behar da, gehienbat, jende kopuruari dagokionez. Herriaren eta herritarren izaera desitxuratuko ez duen kantitate bat izan behar da, eta horrek esan nahi du ezin dugula dena libre utzi; mugak jarri behar dira nolabait. Fisikoki ere ez da jende guztia kabitzen Zumaian. Bide horretan eman behar ditugu pausoak, baina horrek ez du esan nahi turismoari bizkarra ematen diogunik: kontrakoa.

Agintaldi honetan ZOZ zuntz optikoa jarri duzue martxan Zumaian, eta trantsizio energetikoaren inguruko jardunaldi batzuk ere egin dituzue.

Digitalizazioan murgiltzen ez bagara, atzean geratzeko arriskua dago, eta azken urteetan oso atzeratuta zegoen Zumaia azpiegitura aldetik. Ez zegoen zuntz optikorik, eta apustu bat egin genuen guk. Elkarkidetza publiko komunitario batean oinarritutako apustua izan da gainera, eta ez eredu publiko pribatuan oinarritutakoa. Orain Zumaiako etxe guztietara helduko da ZOZ sarea, eta lehen komentuko proiektuari buruz esan bezala, ez da azpiegitura kontu bat soilik: edukien inguruko lanketa bat ere egin ahal izango dugu. Eta ez soilik etxeetan edo norbanakoekin; enpresekin ere bai, besteak beste.

Berdina gertatzen da trantsizio energetikoarekin. Agintaldi hasieratik dugu argi trantsizio energetikoa abiatu behar dugula, eta urratsak egin behar direla. Horietako bat da kontsumo murrizketa eta beste bat da sorkuntza; komunitate energetiko bat sortu nahi dugu, baita hemen ekoizten dena hemen kontsumitzea ere. Pauso indartsu bat da horretarako kooperatiba energetiko bat sortzea, eta energia batzorde bat ere jarri nahi dugu martxan udalean, norabide horretan lan egiteko.

Zer harreman izan duzue gainontzeko udal taldeekin bi urte hauetan?

Guk hasieratik nahi izan dugu normalizatutako harreman bat eduki oposizioarekin, eta Gobernu Batzordean sartzea eskaini genien EAJri nahiz PSE-EEri. PSE-EEk baietz esan zuen baina EAJk ezetz; ez zela han ikusten eta batzordea gure esku utziko zuela esan zuen. Guk elkarlana bultzatuko dugu beti, baina egia esan, interes kontrajarriak daudenean, sarritan zaila da adostasunetara iristea, eta harremanak ez dira beharko luketenak bezain onak izaten. Edozein oposizio eta gobernuren arteko harreman normala da hori, baina batzuetan talka egiten dugu.

Eta zer lehentasun izango dituzue datozen bi urteetan?

Komentuko proiektuarekin aurrerapausoak emateaz gain, bultzada bat eman nahi diegu hainbat urtez esku-hartzerik egin ez den auzoei. Larretxokon irisgarritasuna hobetzeko bi igogailu jarriko ditugu martxan, eta Estazio auzoan oinezkoentzako pasabidea hiritartu nahi dugu. Aita Mari eta Alai poligonoen arteko loturak ere hiritartu eta egokiago jarri nahi ditugu, oinezkoentzako loturak erraztuta nahiz bidegorriak eginda. San Jose auzoan, bestalde, etxebizitzetan igogailuak eraikitzea errazteko esku-hartzeak egin nahi ditugu.

Etxebizitzari lotutako gai batzuk ere baditugu zintzilik. Alokairuko Babes Ofizialeko Etxebizitzak martxan jarri edo behintzat bideratuko genituela esan genuen, eta Puntanoetako proiektua trabatuta egon bada ere, espero dugu lotuta utzi ahal izatea agintaldi bukaerarako, eta epe batzuk finkatuta uztea. Alokairuko etxebizitza dezente egingo dira han; Jaurlaritzak, behintzat, 90 egingo ditu.

Nola nahiko zenuke ikusi Zumaia agintaldia amaitzean?

Udal gobernuan sartu ginenean, norabide aldaketa bat jarri nahi genuen martxan, udala beste eredu batekin kudeatuta. Niri gustatuko litzaidake agintaldia amaitu eta ikustea martxan dagoela eredu desberdin hori; aldaketa jada hasi dela eta bideratuta dagoela, hurrengo agintaldietan eredu horretan sakondu ahal izateko.

Zer nolako ereduaz ari zara?

Lehen aipatu dudan bezala, digitalizazioa, trantsizio energetikoa, auzoetako irisgarritasuna nahiz etxebizitzen gaia, betiere alokairua lehenetsita, lantzen dituen eredu bat. Eta funtsezkoa da sortutako ekimenek oinarri izatea autogestioa, parte hartzea nahiz izaera komunitarioa. Eremu publikoaren eta komunitarioaren arteko lotura sakondu ahal izateko eredu bat izan behar da, eta publifikazioaren eta zerbitzu zuzenenen bidean pausoak emango dituena. Horrekin guztiarekin norabide aldaketa bat ikusiko litzatekeela uste dut, eta horixe dela aldaketa.