'Round midnight' kontzertua emango dute Jon Mantzisidor eta Dani Parkinson zumaiarrek, larunbatean Tabakaleran

Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 7a, 19:00

Tabakaleratik bultzaturiko Komunikazio-Inkomunikazio erakusketaren aterkipean Ezbaikaria mintegia egingo da gaurtik larunbatera bitartean Donostian. Mintegi horren barruan, larunbatean, kontzertua emango dute Jon Mantzisidor eta Dani Parkinson zumaiarrek. 

Komunikazio-Inkomunikazio erakusketak Mikel Laboa (1934-2008) euskal kantautorearen Lekeitioak lana du oinarri, eta lan esparru ezberdinen gurutzaketa proposatzen du, komunikazio-inkomunikazio binomiotik abiatuta. Honen barruan, Ezbaikaria izeneko mintegia egingo dute gaurtik abiatuta. Gaur, bihar eta etzi San Telmo Museoan egingo dituzte ekitaldiak; larunbatean, berriz, Tabakaleran.

Mintegi horren barruan, larunbatean, Round midnight izeneko kontzertua emango dute Jon Mantzisidor (gitarra) eta Dani Parkinson (bateria) zumaiarrek, eta Fernando Ulzion saxo-jotzaileak. Laboare kontzertuetan, une batean, berarekin zihoazen musikariek jazz-estandar bat jotzen zuten. Laboa eszenatokian geratzen zen musika entzuten. Ohiko pieza hori Round Midnight izan ohi zen, 1940an Thelonius Monk-ek konposatua, eta jazzaren historiako estandar ezagunenetako bat bihurtu dena. Tabakaleran aurkeztuko den emanaldiak Monk eta Laboaren musika-originaltasuna ez ezik, haren presentzia eszenikoa ere hartu nahi du kontuan, hau da, performatibitatea. Eta, era berean, musika-emanaldi bat ikusi eta entzutearen arteko dikotomiari buruz gogoeta egitea.

Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta sarrerak (doan) hemen eskuratu daitezke.