Emakumeek Zumaian egindako "ekarpena" ikertzeko beka bat sortu du udalak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 5a, 16:30

Maider Alberdi Berdintasun zinegotzia eta Karmele Gomez Berdintasun teknikaria. (Zumaiako Udala)

"Lanean nahiz bizitza sozialean, ekonomikoan, politikoan eta kultur mailakoan" Zumaiako emakumeek egindako "ekarpenak" jaso nahi dituzte ikerketaren bidez. Horretarako 6.700 euroko beka bat eskainiko du udalak, eta interesdunek bihartik hilaren 26ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak.

Beka berri bat sortu du Zumaiako Udalak, "Zumaiako emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpenak" ikertzeko. Hain zuzen, emakumeek "lanean nahiz bizitza sozialean, ekonomikoan, politikoan eta kultur mailakoan" emandako guztia jasotzea izango litzateke ikerketaren helburu nagusia, "kontatu gabeko historia argitara emateko" eta "emakumeei zor zaien aitortza egin ahal izateko", udalaren esanetan.

"Emakumeen ikuspegi eta ekarpenei balioa ematen ez dien kontakizuna izan da gure herriaren historia eraikitzeko ardatz", adierazi du udalak: [...] "ez dira emakumeen errelatuak jaso izan eta ondorioz, emakumeen ikusgarritasun sozialean defizit nabarmena izan dugu". "Azken hamarkadetan ikertzaile eta historialari feministek egindako" lanari egin dio azpimarra udalak, "emakumeen bizimodua, lana, erresistentzia, komunitate harremanak, nortasuna, mundu ikuskera eta abar ezagutarazteko lehen pausoak eman" dituztelakoan. Hala, martxan jarritako ikerketa-beka berria norabide horretan emandako beste urrats bat izatea da udalaren asmoa.

Eskakizunak, bihartik aurrera

Beka jaso eta ikerketa egin nahi dutenek bihartik uztailaren 26ra bitartean aurkeztu beharko dituzte haien proiektu proposamenak. Zumaiako Udalaren Erregistro Orokorrean edo online (ondoko lotura honetan) egin daitezke eskakizunak.

Udalak zehaztu duenez, baina, zenbait baldintza bete beharko dituzte eskatzaileek: unibertsitateko ikasketak izan behar dituzte (erdi nahiz goi mailakoak) eta euskarazko C1 maila eduki behar dute. Beka talde batek eskatzen baldin badu, taldekideen erdiak bete beharko dituzte baldintza horiek.

Behin beka jasota, sei hilabeteko epea izango da ikerketa egiteko, eta euskaraz landu beharko da azterketa. Lana bukatzean, eta "epaimahaiaren onespena jasota", "bekaren onuradunek lana herriari aurkeztu beharko diote hitzaldi baten bitartez", udalaren arabera.