Salgai daude Chill Mafiaren kontzerturako sarrerak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 5a, 12:00

Iruñeko taldea larunbat honetan arituko da Sagarbiden. Aurreko ostiraletik daude eskuragai sarrerak, 5 euroan.

Chill Mafia musika taldea urte hasieran egin zen ezagun; batez ere, Gazte arruntaren koplak abestia zela-eta. Xabier Leteren zenbait bertso oinarri hartuta sortu zuen Ezorregatik x berpizkundea bildumako kantu hori, eta zeresan handia eman du ordutik. Iruñerriko zenbait auzotakoak dira Chill Mafiako taldekideak, eta elementu musikal ugari nahasten dituzte haien lanetan; hala nola, hip-hopa, trapa nahiz autotunea.

Larunbat honetan, uztailaren 10ean, kontzertua eskainiko dute Zumaian. Sagarbideko patioan izango da emanaldia, 20:00etatik aurrera. Sarrerak aurreko ostiraletik daude salgai Zumaiako turismo bulegoan, eta 5 euro balio du tiket bakoitzak.