Estropada ona eginda, hirugarren helmugaratu dira zumaiarrak gaur ETE ligan

Onintza Lete Arrieta 2021ko uzt. 3a, 17:49

(Argazkia: Telmo Deun)

Lapurdin, Donibane Lohizunen jokatu dute gaurko jardunaldia 11 ontziek, eta zumaiarrak aise egin dira hirugarren postuarekin. Hobetu egin dute emaitza aurreko asteekin alderatuta, orain arte bosgarren egin baitute estropada guztietan.

Tolosaldea nagusitu da gaur ere ETE ligako estropadan, Donibane Lohizunen (Lapurdi), 10:55,40 denbora eginda. Bigarren Hibaika izan da (11:04,21), eta hirugarren, berriz, zumaiarrak helmugaratu dira, lan bikaina eginda. Aise eskuratu dute postu hori, 11:08,03 denborarekin, laugarren sailkatu den Deustori sei segundo baino gehiago atera baitizkie.

Gaurko estropadari esker, sailkapen orokorrean laugarren postuan kokatu dira Telmo Deuneko neskak, 30 punturekin. San Juan dago bosgarren postuan, puntuka berdinduta, eta bihar Sestaon jokatuko duten estropadan gaur lortutakoa defendatzen saiatuko dira zumaiarrak. 10:30ean jokatuko dute biharko lehia.

Klubeko Gari Goiko pozik agertu da neskek egindako lanarekin: "Oso ondo egin dute estropada gaur, eta aurrekoetan haizearekin eta txandekin zorte txarra ere izan zuten. Ohorezko txandan sartzea lortu dugu, eta ea hor jarraitzen dugun. Play-offeko helburua urrun samar dago, baina estropadaz estropada borrokatuko dugu", adierazi du.

Sailkapen orokorra

1. TOLOSALDEA A.T. 43
2. DEUSTO-TECUNI-BILBAO 39
3. HIBAIKA JAMONES ANCIN 36
4. DELTECO ZUMAIA 30
5. SAN JUAN-IGARTZA 30
6. ONDARROA-CIKAUTXO 25
7. ISUNTZA-ELECNOR 21
8. LUTXANA A.E. 15
9. ZARAUTZ-GESALAGA-OKELAN 12
10. LAPURDI 9
11. CASTRO CANTERAS DE SANTULLAN 4