Udako ordutegia martxan da liburutegian eta Herritarren Arreta Zerbitzuan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 2a, 15:00

Udako ordutegia ezartzearekin batera, etenda zeuden zenbait zerbitzu berrabiatu dituzte liburutegian.

Uztailean sartu eta udako ordutegia ezarri dute jada Herritarren Arreta Zerbitzuan eta liburutegian. Udaletxean daude kokatuta Herritarren Arreta Zerbitzurako bulegoak, eta jakinarazi dutenez, udan 08:00etatik 14:00etara egongo dira martxan, astelehenetik ostiralera bitartean.

Liburutegia, aldiz, goizetan egongo da irekita astelehenetik ostiralera bitartean; horretaz gain, arratsaldez ere zabalduko dute astearteetan eta ostegunetan. Hona hemen ordutegia:

Helduen liburutegia

  • Astelehenetik ostiralera bitartean, 09:00etatik 14:00etara
  • Astearteetan eta ostegunetan arratsaldez ere irekiko da, 18:00etatik 20:00etara
  • Larunbatetan itxita

Haurren liburutegia

  • Astelehenetik ostiralera bitartean, 10:00etatik 14:00etara
  • Astearteetan eta ostegunetan arratsaldez ere irekiko da, 18:00etatik 20:00etara
  • Larunbatetan itxita

Liburutegiko zenbait zerbitzu geldirik egon dira azken urtean, baina berriz jarriko dituzte martxan udan. Esaterako, egunkariak eta aldizkariak liburutegian bertan irakurri ahal izango dira, horretarako gordetako eserlekuetan. Apalategietara bertaratzeko aukera ere izango dute hala nahi dutenek, edukiera mugatuarekin baldin bada ere: gehienez lau lagunek egon ahal izango dute aldi berean apalategietan. Bestalde, ordenagailu gehiago egokituko dituzte; hain zuzen, hiru ordenagailu egongo dira erabilgarri helduen sekzioan, eta bi haurrenean.