Jesus Mari Larrazabal zendu da

Maria Maya Manterola 2021ko eka. 29a, 16:22
Jesus Mari Larrazabal, 2009ko irudi batean. Argazkia: Onintza Lete

EArekin Legebiltzarkide izandako Jesus Mari Larrazabal zumaiarra hil da. Hezkuntza eta politika munduan ibilbide luzea izandako pertsona, Parisen burutu zituen ikasketak, Bergarako UNEDen sortzaileetako bat izan zen, eta 1992tik Logikako eta Zientziaren Filosofiako katedraduna zen EHUn. 

Jesus Mari Larrazabal EAko parlamentari ohia eta EHUko Logikako katedraduna hil da, gaixotasun baten ondorioz. Larrazabal Zumaian jaio zen 1948an. Gaztetatik izan zuen politikaren zaletasuna. Hasiera batean, Elizaren bueltan sortu zen Herri Gazte taldeko kidea izan zen, baita Urola Kosta bailarako arduraduna ere. Parisen burutu zituen ikasketak, eta Filosofian eta Ekonomian lizentziatu zen, Parisko Unibertsitatean.

Euskal Herrira itzuli ondoren, esparru akademikoan eta politikoan egin zuen lan. Bergarako UNEDen sortzaileetako bat izan zen Larrazabal, eta zuzendariorde izan zen 1970eko hamarkadaren amaieran. Euskal Herriko Unibertsitatean hasi zen 1981ean eta 1992tik Logikako eta Zientziaren Filosofiako katedraduna zen.EHUko ILCLI Logikaren, Kognizioaren, Lengoaiaren eta Informazioaren Institutuaren sorrera sustatu zuen Larrazabalek. Eusko Ikaskuntzako lehendakarigai ere izan zen 2005. urtean. 

Politikan, berriz, 1978an, Herri Batasuna sortzeko bileretan parte hartu zuen; koalizioa osatzen zuten lau alderdietako bat zen LAIA, eta harekin Gipuzkoako batzarkide izan zen, 1979tik 1983a arte. Denborarekin, ezker abertzaletik urrutiratu egin zen Larrazabal. ETAk 1990eko hamarkadaren hasieran hartutako bidearekin ere oso kritiko agertu zen. 

Urtebetez, 2009ko maiatzetik 2010eko ekainera arte Legebiltzarkide izan zen Larrazabal Eusko Alkartasunarekin. Gernikako Estatutuaren markoak eman beharrekoak eman zituela iritzitza, autodeterminazioaren eskubidearen defentsa egin zuen. Horretarako, beharrekoa ikusi zuen "indar abertzale subiranoen" batasuna.