Zumaiatik abiatu da Udalerri Euskaldunetako Gazteen Topaketa

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 29a, 10:30
(UEMA)

50 gaztek Zumaiatik Lekeitiorako bidea egingo dute uztailaren 4ra bitartean. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararekiko "sentsibilizatzea eta kontzientziatzea" da topaketaren asmoa, baita haiek "eragile aktibo bihurtzea" ere.

Atzo, ekainaren 28an, abiatu zen Salto! Udalerri Euskaldunetako Gazteen Topaketa. 15 eta 18 urte bitarteko 50 gaztek Zumaian ekin zioten ibilbideari, eta Lekeitiorainoko bidea egingo dute. Uztailaren 4an iritsiko dira helmugara.

Parte hartzaileak Zumaiako Amaia plazan elkartu ziren 09:30ean, eta taldekako hainbat jolas egin zituzten han. Ongietorria egin zieten Maddi Aldalur Euskara eta Hezkuntza zinegotziak eta Josune Herrarte euskara teknikariak, eta horren ostean, itsasontzian igota, flyscha ezagutzeko aukera izan zuten gazteek. Gero, Zumaiako Musika Eskolako trikitilariekin eta Xabier Solano musikariarekin batera herriko kaleak zeharkatu eta Itziarrerako bidea hartu zuten. Han eman dute gaua.

Topaketaren helburua da, nagusiki, udalerri euskaldunetako gazteak euskararekiko "sentsibilizatzea eta kontzientziatzea", baina ez hori bakarrik: euskarari dagokionez gazteak "eragile aktibo" bilakatzea ere bada ekimenaren asmoa. Hortaz, martxan den topaketan zenbait tailer eskainiko dituzte UEMAk eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak; beti ere, hizkuntza gai nagusitzat hartuta. Atzo arratsaldean, esaterako, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekarekin egin zuten saio bat.