Udal eraikinen garbiketa zerbitzua publifikatuko du udalak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 29a, 09:30
Artxiboko irudia.

Udalbatzak hasierako onespena eman dio sektoreko langileen subrogazioari, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren eta PSE-EEren ezezkoekin. Gaur egun hamasei langile aritzen dira sektorean, baina hamabi lanpostu finko sortuko dituzte zerrenda publikoan, eta hautaketa prozesu baten bidez beteko dituzte postu horiek.

Udal eraikinen eta lokalen garbiketa zerbitzua publifikatzea erabaki du Zumaiako Udalak. Udalbatzak ekaineko ohiko osoko bilkuran, hilaren 24an, hasierako onespena eman zion sektoreko langileak subrogatzeari; hortaz, irailaren 1ean utziko diote gaur egun udalak azpikontratatuta daukan enpresako beharginak izateari, eta udal langileak izatera igaroko dira. EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen zerbitzua publifikatzea, baina aurka bozkatu zuten EAJko eta PSE-EEko hautetsiek.

Gaur-gaurkoz hamasei langilek jarduten dute sektorean; lan-kontratu finkoa daukate horietako hamabik, eta aldi batekorakoa lauk. Enpresan dituzten lan-baldintza berdinekin subrogatuko dituzte denak; gaur egun azpikontratatuta dauden langileak hamasei izan arren, ordea, zerrenda publiko berrian hamabi postu finko sortuko dituzte.

Hautaketa prozesu ireki baten bidez erabakiko dute, gerora, zein beharginek beteko dituzten hamabi postu finko horiek. Dena den, udalak ez du zehaztu noiz hasiko den hautaketa prozesua. Bitartean, gaur egun aritzen diren langileek jarraituko dute zerbitzuan lanean.

Hamabi postu finkoez gain, horietako bajak, oporraldiak, ordezkapenak eta bestelakoak bete ahal izateko lan-poltsa bat ere osatuko du udalak. Hain zuzen, gaur egun aldi baterako kontratuak dituzten lau langileek funtzio hori betetzen dute azpikontratatutako enpresan.

Aurrekari bat

Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatearen arabera, garbiketa zerbitzua publifikatzean, sektoreko lan-baldintzak "negoziatzeko prestutasun osoa" izango du udalak. "Garbiketa sektorean lanpostu duinak sortzeko aukera izango dugu, sektore publikoko hitzarmenen araberakoak. Prozesua aldeko txosten teknikoekin eramango dugu aurrera; eta prozesu horrek, aurrerago ere bestelako publifikazio prozesuak aurrera eramateko eredu bat jarriko du mahai gainean", gaineratu zuen bilkuran.

Ostolazaren arabera, udal gobernuak "zerbitzu publikoa indartzeko" urratsak egin ditu indarrean den agintaldian, eta horren adierazletzat jo zuen "azpikontratazioak murrizteko bideak martxan jarri izana".

Ziurgabetasuna

EAJk eta PSE-EEk ezetz esan zioten proposamenari. Bi taldeetako ordezkariek nabarmendu zuten gaur egun hamasei langile direla sektorean, eta zerrenda publikoetan hamabi postu finko baino ez direla jasoko. Egungo beharginek izango duten "ziurgabetasun egoera" azpimarratu zuen, hala, EAJk. "Momentu honetan bermatuta duten lanpostua mantendu ahal izateko, hiru urteko epean egin beharko den lan-eskaintza publikoa gainditu beharko dute", esan zuen Iker Mardaraz EAJko zinegotziak. PSE-EEko Arritxu Marañonek ere kritikatu zuen "kaleratzeak egoteko arriskua sortzen" duela erabakiak, une honetan ez dagoelako aurrerago egingo den lan-eskaintza publikoaren inguruko zehaztapenik.

EAJk, bestalde, zalantzan jarri zuen udal eraikinen eta lokalen garbiketa zerbitzua "nuklearra" eta publifikatzeko lehentasunezkoa ote den, "herritarren beharretatik urrun" dagoelako izatez. "EAJn zerbitzu publikoetan sinisten dugu. Enplegu publikoan ere bai, baina udal zerbitzu nuklearretan", adierazi zuen Mardarazek. Udal gobernuak "hartutako bidearekin jarraitzen" badu, "herritarrei baino, arreta bere langileei bideratu" beharko diela ohartarazi zuten jeltzaleek.