Zumaian autobusa antolatu dute larunbatean erreferendumaren aldeko Bilboko mobilizaziora joateko

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 28a, 14:30
(Gure Esku)

Hamaika Gara dinamikaren barruan egingo dute "jaialdi-ekitaldia" Bilbon, "erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko". Autobusa antolatu dute Zumaiatik, eta han joateko asmoa dutenek Inpernupe tabernan eman beharko dute izena.

"Erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimenduak eta konpromisoak batzea" da Hamaika Gara ekimenaren helburua, "erreferenduma eskatzeko". Gure Eskuk eta beste dozenaka eragilek osatzen dute dinamika; besteak beste, AEK-k, Assemble Euskal Herriak, Demokrazia Bai,k Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak, Ikastolen Elkarteak, Olatukoopek, Sarek, LABek, Steilasek, ESK-k, Ernaik eta Euskal Herriko Bilgune Feministak. "Jaialdi-ekitaldi" bat prestatu dute Bilbon larunbat honetarako, uztailaren 3rako, Hamaika gara erreferendumaren alde izenpean. "Burujabetzaren aldeko aldarriak" eskuan hartuta, 17:30ean Bilboko Areatza ingurura bertaratzera dei egin du Hamaika Gara ekimenak. Jendea ibai inguruan bilduta dagoen bitartean, itsasontzi bat ibiliko da ibaian, eta handik musika eskainiko dute Olatz Salvador abeslariak eta Zetak eta Dupla taldeek.

Bilboko ekitaldira joateko autobusa antolatu dute Zumaiatik; 15:30ean irtengo da Patxita Etxezarretako geltokitik. Bertaratzeko asmoa dutenek ostegunean eman beharko dute izena Inpernupe tabernan.