Zumaiarrak protagonista Gipuzkoako pala egokituko txapelketan

Maria Maya Manterola 2021ko eka. 26a, 16:02

Esnal eta Olaziregi finala jokatu ondoren, lagun artean. (Argazkia: Maria Maya Manterola)

Aitzuri pilotalekuan jokatu dira gaur pala egokituko Gipuzkoako txapelketaren finalak, eta bertan izan dira Leire Esnal eta Xabier Olaziregi zumaiarrak. Esnalek garaipena eskuratu du Lorea Iribar zarauztarrarekin bikotea osatuta.

Hasitako leku berean amaitu da pala egokituko Gipuzkoako binakako txapelketa. Zumaiako Aitzuri pilotalekuak hartu du gaur hirugarren eta azken jardunaldia, eta bertan erabaki dira aurtengo txapeldunak. Adimen urritasuna duten pertsonek teniseko paleta modalitateko finalak jokatu dituzte bi multzotan; tartean, Zumaiako bi kirolarik. Leire Esnal zumaiarrak Lorea Iribar zarauztarrarekin osatu du bikoa, eta lehia estuaren ondoren, 25 eta 20 irabazi dute Xabier Olaziregi zumaiarraren eta Lander Ortegaren aurka. 

Modalitate bereko bigarren multzoan aritu da Haritz Lertxundi zarauztarra. Eneko Sagarmendirekin osatu du bikotea, eta erakustaldi ederra eman duten arren, ezin izan dituzte Iraitz Huegun eta Xabier Arizkorreta mendean hartu. Hiru tantoren aldearekin irabazi dute Huegunek eta Arizkorretak. 

Gurpildun aulkian dauden pertsonek, bestalde, gomazko paleta modalitateko finala jokatu dute. Beñat Lizasok eta Manu Quesadak 25 eta 20 irabazi dute partida Hilario Olano eta Mikel Merinoren aurka.

Txapelketaren hasieran ez bezala, partidak bertatik bertara ikusteko aukera izan da, eta ikusleek berotasunez hartu dituzte kirolariak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide