Uztailean ate irekien jardunaldiak egingo dituzte Gaztegunean

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 28a, 15:39

2009an jaiotakoei zuzendutako jardunaldiak antolatu dituzte, eta helburua izango da gazteek "Gaztegunea eta hango hezitzaileak ezagutzea".

Hamabi urteko gazteek Gaztegunera joateko aukera izango dute hurrengo ikasturtean. Beraz, 2009an jaiotakoek "Gaztegunea eta hango hezitzaileak ezagutu" ditzaten, ate irekien jardunaldiak egingo dituzte uztailean zehar. Hain zuzen, uztailaren 5an, 12an eta 19an joan ahal izango dira gazteak.

Bi txanda antolatu dituzte egun bakoitzerako; 16:30etik 18:00etara izango da lehenengoa, eta 18:00etatik 19:30era bigarrena. Txanda bakoitzean gehienez hogei pertsonak hartu ahal izango dute parte, baina derrigorrezkoa da aurrez izena ematea, 688 612 940 edo 633 467 132 telefono zenbakietara deituta edo Whatsapp mezu bat bidalita. Interesdunek haien izen-abizenak jakinarazi beharko dituzte, baita Gaztegunera zein txandatan joan nahi duten ere.