Jose Mari Razkinek irabazi du Zumaiako XXXIII. Argazki Lehiaketa

Juan Luis Romatet 2021ko eka. 25a, 10:42
'Argi jokoak' izeneko lan honekin irabazi du lehiaketa Jose Mari Razkinek. (Jose Mari Razkin)

Distira Argazki Elkarteak eta Zumaiako Udalak antolatutako XXXIII. argazki lehiaketak baditu saridunak. Jose Mari Razkin argazkilari donostiarrak irabazi du lehiaketa Argi jokoak lanarekin. Uztailaren 23an zabalduko da lehiaketara aurkeztutako lan onenekin osatutako erakusketa.

150 argazkilarik parte hartu dute aurten Joxe Joan Azkueren oroimenez antolatzen den lehiaketa honetan. Zuri beltzezko lanak aurkeztu behar izan dituzte, eta gaia librea izan dute. Argazkilarien kopuruan bakarrik ez, aurkeztutako lan kopuruan ere parte hartze handia izan du aurtengo lehiaketak: 582 argazki aurkeztu dituzte. Ez hori bakarrik: mundu osoko argazkilariek parte hartu dute lehiaketan. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, Alemaniatik, Italiatik, Vietnametik, Moldovatik, Hungariatik, Txiletik edota Hong Kongetik jaso dituzte lanak

Epaimahaiak ebatzi duenez, Jose Mari Razkin donostiarraren Argi jokoak argazkia izan da aurten aurkeztutako lan onena; bigarren saria, aurten ere, Manu Barreiro beasaindarrarentzat izan da, Faded argazkiarekin; hirugarren saria Marcel Van Balken herbeheretarrak jaso du, Gateway izenburua duen argazkiagatik. Zumaiar onenaren saria, berriz, Soraya Lopezentzako izan da, eta Viaje a la luna argazkiagatik lortu du saria. Argizaiola lehiaketarako sailkapena lortu duten argazkilariak Jose Mari Razkin, Manu Barreiro eta Jesus Larrea dira.

Lehiaketako sari banaketa ekitaldia uztailaren 23an egingo da. Horrekin batera zabalduko dute lehiaketara aurkeztutako lan onenekin osatutako erakusketa, Alondegiko Oxford aretoan. Abuztuaren 8ra bitartean bisitatu ahal izango da erakusketa hau. Bitartean, lehiaketara aurkeztutako lanak Distiraren webgunean ikus daitezke.