Ainhoa Larrañaga: "Pandemiak aisialdirako aukerak murriztu ditu eta horrek ikasketetan zentratzen lagundu dit"

Jabi Gonzalez Toston 2021ko eka. 26a, 09:00

19 urte baino ez dituen arren, Ainhoa Larrañagak (Zumaia, 2002) arrakasta ugari erdietsi ditu eskubaloi atezain gisa. 2019ko udan, Europako Hondartzako Eskubaloi Txapelketa irabazi zuen Espainiako selekzio jubenilarekin; iaz, lehen mailan eta EHF cupean egin zuen debuta Bera Berarekin, eta aurten lehen mailara igotzeko play offera sailkatu da Bartzelonako Sant Vincenç taldearekin.

Zerk eraman zaitu Bartzelonara?

Ikasketek. Bio-medikuntza gradua ikasten ari naiz eta Bartzelonan eta Madrilen soilik eskaintzen dute. Bi aukeren artean Bartzelonak gehiago erakartzen ninduen.

Pandemiak utzi dizu hiria ongi ezagutzen?

Urte arrunt batean gauza gehiago ikusteko aukera izango nuen. Bartzelonako gaua, esaterako. Hondartzatik gertu dagoen ikasle egoitza batean bizi naiz, eta inguru horretan mugitzen gara, batez ere.

Nolakoa da zure egunerokoa Bartzelonan?

Goizetan klaseak izaten ditut. Nire gelatik jarraitzen ditut online direlako. Praktikaren bat dudanean soilik joaten naiz Unibertsitatera, baina ez da oso ohikoa. Klaseak amaitutakoan, ikasle egoitzan ditudan lagunekin bazkaltzen dut, eta arratsaldeetan eskubaloi entrenamenduak izaten ditut astean hirutan. Arratsalde osoa joaten zait egun horietan, hiriburutik kanpo dagoen beste herri batekoa da taldea eta ordubeteko bidaia izaten dut haraino.

Zer moduz daramazu eskubaloia eta Unibertsitateko ikasketak uztartze hori?

Espero baino hobeto. Pandemiak aisialdirako aukerak murriztu ditu eta horrek ikasketetan zentratzen lagundu dit. Hasieran apur bat kostatu zitzaidan klaseak katalanez hartzera ohitzea, baina lortu dut, eta orain arteko ikasgai guztiak gainditu ditut.

Unibertsitateko lehen urteak aldaketa handiak ekarri ohi ditu. Herrian, txikitatik alboan izandako lagunengandik banandu eta kanpora irteten zara. Zure kasuan, zer esanik ez. Zeren falta sumatu duzu, batez ere?

Etxeko janaria. Baina edozein momentutan kalera atera eta ezagunen bat topatzearen falta ere asko igarri dut. Zumaian beti aurkituko duzu lagunen bat, hemen gutxiago ateratzen dira kalera.

Halere, iaz Bera Beran aritu ondoren, esan genezake Bartzelonara beroketa eginda iritsi zinela. Lagungarri izan zaizu?

Pulpon kuadrillako lagunekin jokatzetik eskubaloia serioago hartzera pasa nintzen. Orduan ohitu nintzen bidaiak egitera eta orain eskertzen dut, bai.

Nola egokitu zara talde berrira?

Iazko itxialdi zorrotzean egin nuen harremana entrenatzailearekin eta banekien Bartzelonara etorriz gero Sant Vicençen arituko nintzela. Amak hemen duen lagun baten bitartez topatu nuen taldea. Hark eskubaloi entrenatzailea den iloba bati eman zion nire berri, eta egun dudan entrenatzaileak berehala idatzi zidan atezain bat behar zutelako. Taldeko beste bi jokalari ere ezagutzen nituen aurrez. Espainiako Junior selekzioan taldekide ditut, eta asko lagundu didate talde giroan sartzen.

Aurkitutakoak harritu zaitu?

Asko. Ez nuen espero lehen mailara igotzeko fasera sailkatuko ginenik. Oso talde gaztea dugu, jokalari zaharrenak 24 urte ditu eta ligako gure multzoko maila oso handia da. Zilarrezko mailako gainerako multzoekin alderatuta, gurea parekatuena dela esango nuke. Talde guztiak dira oso onak. Orain, noski, maila are handiagoa izango da. Multzo bakoitzeko bi talde onenak sailkatu gara, 8 guztira, eta lehen mailara bi igoko dira soilik.