Zumaiako gazteek hasiera bikaina eman diote Gipuzkoako bodyboard zirkuituari

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 23a, 16:00
(Utzitakoa)

Donostian izan zen zirkuituko aurreneko jardunaldia, eta Spot surf eskolako zumaiarrak nagusitu ziren 12 urtez azpikoetan nahiz 14 urtez azpikoetan.

Hasi da Gipuzkoako bodyboard zirkuitua juniorren mailan. Joan den larunbatean, ekainaren 19an, izan zen lehenengo jardunaldia Donostiako Zurriola hondartzan. Jon Lopez entrenatzailea lagun zutela, han izan ziren Spot surf eskolako gazteak, eta garaipen ugari ekarri zituzten etxera. Izan ere, nabarmen nagusitu ziren 12 urtez azpikoen nahiz 14 urtez azpikoen kategorietan.

Lopezen esanetan, 14 urtez azpikoen lehiari dagokionez, "oso olatu onak" izan ziren larunbatean eta, "daukaten adinerako", parte hartzaile zumaiarrek "maila oso altua erakutsi" zuten. "Oso tubo eta maniobra onak egin zituzten gazteek, eta azpimarratzekoa da Unax Pascualek finalean egindako 10 puntuko tuboa". 12 urtez azpikoen lehian, Lopezek azaldu duenez, "olatu txikiagoak" izan ziren. Dena den, surf eskolako kideek "maniobra politak" egin zituztela iritzi dio.

Hona hemen larunbateko sailkapenak:

14 urtez azpikoak

  1. Unax Pascual (Zumaia)
  2. Nil Dunyó (Donostia)
  3. Mikel Egiguren (Zumaia)
  4. Manex Beristain (Zumaia)
  5. Unax Jimenez (Zumaia)

12 urtez azpikoak

  1. Lua Eizmendi (Zumaia)
  2. Peru Martin (Zumaia)
  3. Mikel Arrizabalaga (Zumaia)
  4. Ekaitz Dunyó (Donostia)
  5. Alex Erretegi (Zumaia)
  6. Eneko Olaizola (Zumaia)

Deban izango da Gipuzkoako zirkuituko hurrengo proba, irailean. Urrian, ordea, Zarautzen lehiatuko dira gaztetxoak.