Positibo bat zenbatu dute asteburuan Zumaian

Ihintza Elustondo 2021ko eka. 21a, 13:33

Positibo bakarra zenbatu du Osakidetzak ostiraletik igandera bitartean Zumaian. Eskualdeari dagokionez, 11 izan dira detektatutako kasuak, joan zen asteburuan baino hiru gutxiago. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu ditu COVID-19ari lotutako azken hiru egunetako datuak, eta egoerak hobera egiten jarraitzen du. Hain zuzen ere, 11 positibo zenbatu dituzte asteburuan eskualdeko herrietan, joan zen asteburuan baino hiru gutxiago. Gainera, une honetan 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiak eremu horian daude; izan ere, joan zen asteazkenean atera zen eremu gorritik Azkoitia –duela astebete hori zen eremu gorrian zegoen Urola Kostako herri bakarra–.

Azpeitian zenbatu dituzte positibo gehien asteburuan; bost, hain zuzen ere –bi ostiralean, bi larunbatean eta bat atzo–. Dena dela ere, 190,54ko intzidentzia tasa dute herri horretan. Azkoitian, berriz, lau kasu atzeman dituzte –bat ostiralean, bi larunbatean eta bat atzo–; une honetan, 158,56ko intzidentzia tasa dute han. Zarautzen eta Zumaian, bestalde, positibo bana baieztatu dute asteburuan; bi herrietan, ostiralean zenbatu zituzten kasuak. Zarautzen 34,27ko intzidentzia tasa dute, eta Zumaian 162,82koa.

Gainontzeko eskualdeko herrietan ez dute positiborik zenbatu azken hiru egunetan. Aizarnazabalen 260,08ko intzidentzia tasa dute, Errezilen 16,03koa, Getarian 106,01ekoa, Orion 114,16koa, Zestoan 25,68koa, eta Aian nahiz Beizaman hutsean mantentzen da zifra hori.

Hego Euskal Herrian ere, egoera hobea

Hego Euskal Herrian ere hobera egin du egoerak, Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuek adierazten dutenez. Guztira, 119 positibo zenbatu zituzten atzo lau lurraldeetan, duela astebete baino 29 gutxiago; 148 zenbatu zituzten joan zen igandean. Araban 21 kasu atzeman zituzten, 70 Bizkaian, hamalau Gipuzkoan, 21 Nafarroan eta bi lurralde horietatik kanpo. Guztira, 4.828 proba egin zituzten atzo.

Ospitaleratzeen presioa ere arintzen ari da Hego Euskal Herri osoan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 119 pertsona daude ospitaleratuta –157 duela astebete– eta horietatik 50 dira ZIUetan daudenak –60 duela astebete–. Nafarroan, berriz, 28 dira ospitaleetan dauden eriak; 32 ziren joan zen igandean.