'Zubiaurreko marea errota' liburua argitaratu du Rafael del Pilarrek

Baleike 2021ko eka. 21a, 13:02

Parrokiaren eta Zubiaurre auzoaren oinetan egon zen marea errotaren historia eta xehetasunak jasotzen dituen liburua argitaratu berri du Rafael del Pilar zumaiarrak. Zubiaurreko marea errota du izena argitalpenak, eta Alondegian eros daiteke 10 euroan. 

Historia oro har, eta Zumaiakoa bereziki maite duen pertsona da Rafael del Pilar. Kontserbazionista, independentista, antimilitarista. Aurretik, Arbustaingo garabiaren historia eta planoak biltzen zituen Arbustain, Garabia gogoan • Recuerdos de una grúa, 1931-2000 (2003) eta Arrangoleta 1945-1951, memorias de un barrio (2016) liburuak argitaratu zituen. Orain, parrokiaren eta Zubiaurre auzoaren oinetan aurkitzen zen marea errotaren historia eta xehetasunak bildu nahi izan didu Zubiaurreko marea errota izeneko liburuan. 

Errota horren lehen aipamena 1203koa da, eta lanean aritu zen XIX. mendearen amaiera aldera arte. Errota horrek bazeukan berezitasun nabarmen bat, kostaldeko beste batzuek bezala: marearen igoerarekin betetzen zen antapara edo ur depositua, eta bildutako ur horrekin mugiarazten zen gero errotarria. 

Historiako xehetasun batzuk biltzeaz gain, Rafaelek planoetan marraztu ditu errotaren ezaugarriak, eta Daniel Carballoren irudiak ere bildu ditu liburuan, nolakoa eta non izan zitekeen irudikatzeko; halaber, Rafaelek errotaren detaile teknikoak ere kalkulatu eta jaso ditu: presaren neurriak eta edukiera, errotaren eraikina, makineria, ekoizpena, ahalmena... 

Egileak sarreran aitortzen duenez, ez ditu lortu hasieran espero zituen datu edo xehetasun guztiak, baina lagun baten gomendioari jarraikiz, nahiago izan du zekienaren berri ematea, agian etorkizunean beste norbaitek bide horretatik jarraituko duelakoan. 

Gaur egun, ez zaigu geratzen errota haren arrastorik, baina lan honi esker, gure historian eta oroimen kolektiboan lekua egingo diogu, baita merezi zuen garrantzia eman eta aitortu ere.

Julian Rubiok eta Rafael del Pilar berak autoeditatu dute liburua, eta Alondegian eros daiteke, 10 euroan. Salmentako dirua oso-osorik gizarte-ongintzara bideratuko du egileak.