Jon Maiaren olerki bat eta haren irudi bat margotu dituzte Zeraingo horma batean

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 17a, 10:24

Balu izeneko artistak Zeraingo Harizti-erdi aterpetxean egin du lana; Maiak euskararen inguruan idatzitako olerki bat eta haren marrazki bat pintatu ditu. Hemen, Goierri Irrati Telebistak argitaratutako bideoa.

Aurreko larunbatean, ekainaren 12an, Jon Maiak sortutako olerki bat eta haren irudi bat margotu zituen Zerainen Balu artista ormaiztegiarrak; hain zuzen, Harizti-erdi aterpetxeko horma batean. Gorka Urteaga Herri Bizitzako kideak azaldu duenez, iazko Euskararen Egunean "bolo-bolo ibili zen Whatsapp-ean Jon Maiaren olerki hau, eta asko gustatu zitzaigun"; orduan bururatu zitzaien poema herriko horma batera eramatea.

Zeraingo aterpetxearen eta Kultur Sailaren ekimenez heldu zion lanari Baluk, eta esanahi berezia eman diote marrazkiak aterpetxeko pareta batean egiteari, Urteagaren esanetan, "eskolako umeak euskalduntzeko erabiltzen" delako. Balu-k gaineratu du, bestalde, "Jon Maia Euskal Herrian ikur bat" dela eta "familia erdaldun batetik datorrela": "Bai bere poema bai bera ikusi genituen aproposak hemen kokatzeko".

Proiektuaren helburu nagusia da, sustatzaileen arabera, bertaratzen direnek beste "motibazio" bat izatea "euskaraz aritzen ikasteko".