Bertan behera geratu da Musika Eskolaren ikasturte amaierako emanaldia

Maria Maya Manterola 2021ko eka. 16a, 11:30

Emanaldia kanpoan egitekoa zen, eta eguraldiaren iragarpena tarteko, bertan behera uztea erabaki dute.

Ikasturteari behar bezala amaiera emateko, emanaldi berezia zuten antolatuta biharko Txori Txiki Musika Eskolako irakasle nahiz ikasleek. Jaialdia kanpoan egiteko asmoa zuten, ahalik eta parte hartze zabalenarekin eta segurtasun neurriak behar bezala betez, baina eguraldiaren iragarpena tarteko, bertan behera uztea erabaki dute. Izan ere, azaldu dute jaialdia areto estali batean eginez gero, ezinezkoa zaiela segurtasun neurri guztiak betearaztea. 

Datorren ikasturtean kalean eta herritarrekin ekintza gehiago antolatzearekin itxaropentsu dira Musika Eskolako kideak. "Zuen ilusioa eta konfiantza eskertzen dugu", gaineratu dute.