Elite, 23 urtez azpiko eta junior mailetako Erlojupeko Gipuzkoako Txirrindularitza Txapelketak jokatuko dituzte gaur Aizarnazabalen, eta horrek eragina izango du inguruko errepideetako trafikoan. Hain zuzen ere, lasterketen ibilbidearen zati handi bat Meagako errepidetik pasatzen denez, errepide hori itxita egongo da bi ordu eta erdiz gaur arratsean.
Zehazki, 18:30etik 21:00etara moztuko dute trafikoa Meagako errepidean. Ondorioz, ohikoan Meagatik igarotzen diren eta Aizarnazabalen gelditzen diren Lurraldebusen Azkoitia-Zarautz lineako 19:05eko eta 20:05eko autobus zerbitzuak (bai Azkoititik irtengo direnak, bai Zarauztik irtengo direnak) autobidetik joango dira gaur, eta Aizarnazabalgo geralekua ezeztatuta egongo da ordu tarte horretan.