Bihar irekiko dute zeramika tailerreko lanen erakusketa Oxforden

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 15a, 16:30

Ekainaren 27ra arte egongo dira ikusgai Forondako tailerreko ikasleen lanak. Pintura eta egur tailla tailerretan sortutakoak ere erakutsi dituzte Oxforden hilabete honetan.

Aurten ere martxan izan dira arte tailerrak Forondan. Ekainaren 4an zabaldu zuten pinturan eta egur taillan aritu diren ikasleen erakusketa Oxford aretoan, eta joan den igandera arte egon da ikusgai. Orain, zeramika tailerreko ikasleen lanekin sortutako bilduma erakutsiko dute Oxforden; bihar inauguratuko dute erakusketa, eta ekainaren 27ra arte egongo da han.

Ia 20 ikasleren sorkuntzak ikusi ahal izango dira, beraz, ekain bukaerara bitartean. Astelehenetik ostiralera, arratsaldez baino ez dute irekiko aretoa, 18:30etik 20:30era. Larunbatetan eta igandeetan, aldiz, 12:30etik 14:00etara ere zabalduko dituzte ateak.