Etorkizuneko energia III: Zumaiaren aukerak

Gorka Zabaleta 2021ko eka. 12a, 10:30
Garesko frontoia.

Zumaiako energia jardunaldietan parte hartu duten adituei esker aukera izan dugu gure herriak dauzkan mugak, aukerak eta proposamenak hobeto ezagutzeko. Saio haietan entzundakoa jaso dugu orrialde hauetan.

Mundu mailako erronkaBaleike aldizkariko aurreko bi zenbakietan ezin hobeto azaldu zuen Markel Peñalbak zein diren energiaren gaian mundu mailan dauden erronka nagusiak eta zabaldu diren aukera berriak. Erregai fosilen gehiegizko erabilerak klima aldaketa eragin du, eta, nahitaez, berotegi efektua sortzen duten gasak isurtzeari utzi behar diogu ez badugu gure ondorengoen etorkizuna erabat zapuztu nahi.Erronka ikaragarria da, energia sortzeko eredua urte gutxiren buruan eta mundu osoan aldatu behar baita helburua lortzeko. Eta soilik energia iturria aldatuta ez da nahikoa izango. Energia berriztagarriak behar ditugu, bai; baina, horrez gain, kontsumoa murriztu behar dugu eta efizientzian hobekuntzak lortu.

Gainera, gutako bakoitzak energiarekin daukagun harremana aldatu behar dugu, kontzientzia berri bat sortu. Orain arte herritarrok itxita izan ditugu energian ahalduntzeko bideak, energiaren estrategiak erabakigune handietan hartzen direlako eta botere handia duten oligopolioen menpe dagoelako. Baina Europatik etorri diren lege berriekin hasi dira zirrikituak zabaltzen, eta, aurrerantzean, behar dugun energiaren zati bat, behintzat, herri mailako instalazioekin hornitzeko modua izango da. Baina mundu mailako erronka horren aurrean, zer egin dezakegu Zumaian?

Kaixo

Taula: Zumaiako kontsumo energetikoaren balizko hiru egoeretako kontsumo mailak eta kontsumoaren murrizketak

Energia asko kontsumitzen dugu

Aitor Ossa Rissanen energia adituak Zumaiako Udalarentzat egin duen diagnosian ondo zehaztuta datoz Zumaiako energia kontsumoaren kopuruak. Energia gehien garraiorako erabiltzen dugu, eta ondoren datoz industria, zerbitzuak eta etxebizitzak. Guztira, urtean, 281,04 GWh behar ditugu zumaiarrok gure bizimodua aurrera ateratzeko. Batez ere petroliotik eratorritako erregaiak erabiltzen ditugu (% 46), zerrendan hurrengoa elektrizitatea (% 29) da eta hirugarren iturria gas naturala (% 24). Kontsumo horren ondorioz, besteak beste, zumaiar bakoitzak 6,7 tona CO2 isurtzen ditugu atmosferara. Eta hori asko da: 4,9 tona da munduko batezbestekoa; 6 tona Espainiakoa. Kontuan hartzen badugu 2050erako klimarekiko neutrala izateko helburua jarri duela Europak, lan handia daukagu aurretik eta denboraz ez gabiltza sobran.

Taula: Zumaiako energia kontsumoaren banaketa, iturriaren eta sektorearen arabera

Potentzial energetikoa Zumaian

Zumaiarron gaur egungo energia kontsumoaren erradiografia egiteaz gain, energia iturri berriztagarrien alternatiba posibleak ere aztertu ditu Ossak (Zumaiako Energia Estrategia 2020, kontsultagai daukazue zumaia.eus webgunean). Bereziki eguzki energian eta haize energian zentratu du bere ikerketa, beste batzuk baztertu gabe.

Eguzki energiari dagokionez, herriko udal eraikinen, lantegien eta etxebizitzen teilatuen azalerak hartu ditu kontuan potentzial energetikoa kalkulatzeko. Gure herriko teilatuak eguzki plakez hornituko bagenitu, urtean 17,8 GWh-eko energia lortzeko potentziala genuke gaur egun. Haize energiari dagokionez, berriz, herrian dauden haize toki onenak identifikatu ditu eta zenbait ariketa egin ditu haize energiaren potentziala kalkulatzeko. Aipatutako 13 kokalekuetan haize sorgailu bana jarrita 3,8 GWh ekoiztuko lirateke. Baina egileak berak ez du ezkutatzen ariketa teoriko hutsa dela, haize leku horietako asko legez babestuta daudelako. Bestalde, herriko leku gehiagotan haize sorgailu txikiagoak jartzeko aukera ere aipatzen du. Edozein modutan, eguzki energiaren aprobetxamendu potentzialetik urrun gelditzen da haize energia gaur-gaurkoz.

Alderatzen baditugu gaur egungo energia kontsumoa eta planteatzen diren iturri berriztagarrien potentzialak, hauxe da emaitza zenbakietan: Zumaian kontsumitzen ditugun 281 GWh horietatik 81 dira energia elektrikoa gaur egun; iturri berriztagarrietatik 20 bat GWh lortu baditzakegu, horrek esan nahi du gaur egungo kontsumo elektrikoaren % 25 ordezka dezakegula herriko teilatuetan eguzki plakak jarrita eta haize lekuetan haize sorgailuak jarrita. Petrolioa, gasa eta beste energia iturri guztiak aintzat hartzen baditugu, kontsumitzen dugun energia guztiaren % 7,3 litzateke herrian ekoiztutako energia berriztagarria.

Nahikoa al da?

Iturri berriztagarriekin soilik gaur egungo beharrak asetzetik urrun gelditzen garela ikusita, etsipena izan daiteke lehen erreakzioa. Baina ariketak balio behar du arazoaren tamainaz jabetzeko. Erantzunak sakonagoa izan behar du derrigor, ez da nahikoa energia iturriak aldatuta. Estrategia oso bat behar da kontsumoa murrizteko eta efizientzia hobetzeko. Ossak 25 neurri zehatz proposatzen ditu txostenean, energia kontsumoa murrizteko, energia jasangarriagoa kontsumitzeko eta eredu energetiko berria herritarrekin lantzeko. Zerrenda luzea da, baina neurri batzuk aipatzearren: eraikinen efizientzia energetikoa hobetu, ibilgailuen elektrifikazioa bultzatu, digitalizazioaren bidez energiaren kontsumoa optimizatu, eguzki panelak instalatu, herritarren parte hartzea eta energia komunitateak sustatu...

Taula: Zumaiako kontsumo energetikoaren balizko hiru egoeretako isuri mailak eta haien murrizketak

Energia kontsumoa murrizteko eta efizientzia hobetzeko neurriek zer garrantzi duten azpimarratzeko ariketa ere egin du Ossak. Proposatutako neurriak indarrean jarri edo ez, asko alda daiteke emaitza: neurri guztiak aplikatuz gero, Zumaiaren energia kontsumoa erdira jaitsi daiteke, 281 GWh-tik 139 Gwh-ra. Kasu horretan, Zumaian kontsumitutako energiaren % 14,7 litzateke herrian bertan ekoiztutako energia berriztagarria.

Hala ere motz gelditzen dela pentsa daiteke, baina kontsumoa murrizteko eta efizientzia hobetzeko neurri guztiak aplikatuko bagenitu, aldaketa esanguratsu bat lortuko genuke: energia termikoekiko (petrolioa, gasa...) menpekotasuna ikaragarri murriztea (199 Gwh-tik 39 Gwh-ra), eta horrela berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa nabarmen jaistea (% 87 gutxiago). Urtean, zumaiar bakoitzak CO2 tona bat baino gutxiago isuriko genuke. Gogoan daukazue gaur egun zenbat isurtzen dugun? Noski, emaitza horiek lortzeko, herrian kontsumituko dugun energia elektriko guztia (herrian sortutakoa zein kanpotik ekarritakoa) iturri berriztagarriekin ekoiztua izan beharko litzateke.

Herritarren ahalduntzea: Garesko esperientzia

Europatik etorri diren lege aldaketei esker orain errazagoa da eskala txikiko instalazioak eraikitzea tokian tokiko beharrei erantzuteko. Jabetzari dagokionez ere, orain aukera gehiago daude, esate baterako, herritarren kooperatibak sortzeko. Eredu deszentralizatuago bat posible da, beraz, eta zenbait herritan hasi dira pixkanaka bide hori jorratzen; esate baterako, Garesen (Nafarroa).  Herritarrekin martxan jarri duten ekimenaren berri eman zuten Oihan Mendo alkateak eta Txetxu Ezkurra Talde Eragileko kideak Zumaiako jardunaldietan.

Garesko esperientzian erabateko protagonismoa eman diete herritarrei. Herritarrek hartu dute Gares Energia ekimenaren lidergoa, haien iritziz, eraldaketa sozialik gabe ezinezkoa delako benetako trantsizio energetikoa. “Gure proiektuak helburu sozialak jartzen ditu helburu ekonomikoen gainetik. Gizartea ahaldundu nahi dugu, burujabe izan nahi dugu erabakiak hartzeko orduan. Trantsizio energetikoan ingurumena eta gizakia, biak dira ardatz”, laburtu zuen Mendo alkateak Garesko ekimenaren filosofia. Horrela, herritarrek erabakitzen dituzte proiektuak eta Udalak babes ekonomikoa eta aholkularitza eskaintzen die. Orain arte, frontoiko teilatuan jarri dituzte eguzki plakak eta aspalditik utzita dagoen zentral hidroelektriko bat berreskuratzeko plana daukaten mahai gainean. “Herritarrez osatutako komunitate energetiko bat sortzea da gure plana”, azaldu zuen Txetxu Ezkurrak.

Ekiola proposamena

Jardunaldietako azken saioan proposamen zehatz baten berri izan genuen: Zumaian 400 bat familiaren argindar kontsumoa aseko duen eguzki plaken instalazio bat jartzea, zeinaren jabeak herritarrak beraiek izango diren, irabazi asmorik gabeko kooperatiba batean egituratuta. Ekiola da proiektuaren izena, Mondragon taldeko Krean kooperatibak landu du, Energiaren Euskal Erakundearekin batera, eta Udalbatzako talde guztien babesa du. Megawatt bateko potentzia duen azpiegitura bat beharko da, eta 1,2 hektareako azalera hartuko duen lur gaineko azpiegitura bat aurreikusi dute eguzki plakak instalatzeko.

Urte gutxiren buruan ahalik eta herri gehienetan horrelako azpiegiturak martxan jartzea dute helburu (Azpeitiak onartu du dagoeneko). 2030erako, etxebizitzetako argindar beharraren herena asetzera iritsi nahi dute. “Ekiola herritarrentzat pentsatutako erreminta bat da, tokian tokiko beharrei erantzuteko. Herri bakoitzak behar duen energia asetzeko tresna bat da”, azaldu zuten Kreaneko ordezkari Elene Santamariak eta Hodei Arzakek.

Udalak oniritzia emanez gero, Krean eta EEE arduratuko dira proiektua sustatzeko beharrezkoak diren urrats guztiez: lanketa teknikoaz, baimenez, proiektuaren diseinuaz... Behin fase hori gaindituta eta Zumaian proiektua bideragarria dela bermatuta, herritarren txanda iritsiko da. “Herritarrez osatutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba izango da azpiegituraren jabea; helburua da bazkide egiten diren herritar horien energia beharrari erantzuteko adina argindar sortzea, ez gehiago”. Herritarrekin batera, kooperatibako parte izango dira Udala, EEE eta Krean, “kooperatiba ondo kudeatzen dela bermatzeko, baina gehiengoa herritarrek izango dute”.

Instalazioa bideragarri izateko, 400 bat bazkide beharko direla kalkulatu dute. Herritarrez gain, herriko merkataritza eta ostalaritza ere izan daiteke proiektuko bazkide; eta Udalak berak ere har dezake zati bat bere erabilerarako, esate baterako, argindarra ordaintzeko baliabiderik ez dutenei zerbitzua bermatzeko. Bazkide bakoitzari kalkulatuko zaio zein den bere kontsumoa, eta horri erantzuteko behar diren eguzki plakak esleituko zaizkio, ez gehiago. “Hemen ez dago diru irabazirik; bazkideek dirua aurreztu egingo dute, baina irabaziak sortzen badira proiektu berriak sustatzeko erabiliko da”, azaldu dute.

Bazkide bakoitzak egin beharreko inbertsioaz, oraindik ez dago kalkulu zehatzik. Dena den, familiako 2.000 euro ingurukoa izan daitekeela aurreratu dute, baina kopurua nabarmen murrizteko lanean ari omen dira. “Europako dirulaguntzetara aurkeztu dugu proiektua, eta Aldundiekin ere elkarlanean ari gara abantailak lortzeko. Finantziazioa lortzen badugu, 500-800 euro ingurukoa izan daiteke familia bakoitzak egin beharreko inbertsioa”. Azpiegiturak 25 urteko bizitza izango du ziurtatuta (mantentzeaz arduratuko da Krean bera), eta argindarra ekoiztea kostatzen den prezioan ordainduko dute bazkideek. “Etorkizunean argindarraren prezioaren bilakaera zein izango den ez dago asmatzerik, baina gaur egun 47 euroren bueltan badago merkatuan, Ekiolan 20-25 eurotan sor dezakegula kalkulatu dugu”.

1,2 hektareako azpiegitura hau non jarriko litzatekeen oraindik ez dute erabaki. Lur publiko zein pribatuak aztertzen ari dira. “Baldintza jakin batzuk bete behar ditu lekuak: laua izan behar du, bertara kotxez iristeko aukerarekin, eta argindar saretik gertu, konexioa erraz egiteko”.

Eguzki plakek sortuko duten argindarra sare orokorraren bidez iritsiko litzateke bazkideen etxeetara. Horrek, legez, ezinbestean eskatzen du argindarra komertzializatuko duen enpresa bat. Hasiera batean, bitartekari lan hori egiteko Ekiolak berak izango du bere enpresa. “Merkatuan dauden saltzaileekin harremanak izan ditugu eta, gaur-gaurkoz, oso zaila da bat egitea gure planteamenduarekin; horregatik, proiektuak ondo funtzionatuko duela ziurtatzeko, erabaki dugu Ekiolak berak sortzea bere bitartekaria. Aurrerago, kooperatibak berak erabaki dezake beste enpresa batekin adostea argindarraren salerosketa”.

Martxan jartzeko momentua da

Energia sortzeko eta kontsumitzeko ereduan aldaketa sakonak behar ditugula gutxik jartzen dute zalantzan. Gai konplexua da, ordea, ertz asko dituena, eta aldaketa hori nola egin, hor ager daitezke zailtasunak eta eztabaidak. Baina errepaso honetan ikusi dugun bezala, dena beharko da helburura iristeko, bide guztiek izan behar dute elkarren osagarri. Ekiola proiektua lagungarri izan daiteke epe laburrean lehen urratsak egiteko, baina helmugara gerturatu nahi badugu, ezinbestekoa izango da herritarrak heztea, kontsumoa murrizteko neurriak hartzea eta energia berriztagarria sortzeko aukera guztiak baliatzea.