Astebetean hamabi kasu baieztatu dituzte Zumaian, aurrekoan bezainbeste

Mailo Oiarzabal-Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 11a, 13:40

Aurreko astearekin alderatuta, mantendu egin da atzemandako kasu positiboen kopurua. Intzidentzia tasa, dena den, aurreko ostiralean baino altuagoa da gaur-gaurkoz: 162,82an zegoen duela astebete, eta 244,23an dago orain. Hego Euskal Herrian herenegungoen antzekoak izan dira atzoko emaitzak, baina duela astebete baino hobeak: 285 positibo detektatu dituzte azken orduetan, joan den ostegunean baino ia ehun gutxiago.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berrien duen azken txostenaren arabera, atzo egindako PCR eta antigeno probetan emaitza positibo bakarra izan zen Zumaian. Azken zazpi egunetan –ekainaren 4tik ekainaren 10era–, guztira, hamabi kasu positibo baieztatu dituzte herrian: bat atzo, bi herenegun, bi aurreko larunbatean eta zazpi aurreko ostiralean. Aste honetako gainontzeko egunetan, ordea, ez da kasu berririk izan herrian.

Aurreko zazpi egunetan –maiatzaren 28tik ekainaren 3ra– berdina izan zen atzemandako kasuen kopurua: hamabi. Kasu metatuen tasak, dena den, gora egin du aurreko astearekin alderatuta. 162,82koa zen aurreko ostiralean, ekainaren 4an, baina 244,23koa da une honetan. Izan ere, aurreko asteburuan bederatzi kasu zenbatu ostean, 81,41etik 254,40ra igo zen intzidentzia tasa, eta zenbateko horretan mantendu da gaurko egunera arte.

Sei kasu baino ez eskualdean

Pixkanaka, baina, hobetzen jarraitzen du COVID-19aren eraginak bai Urola Kostako herrietan, bai Hego Euskal Herriko lurraldeetan. Atzo sei positibo atzeman zituzten eskualde osoan; azken asteko kopururik txikiena da hori, eta bada aldea duela astebeteko datuekin, orduan hogei izan baitziren atzemandako kasu positiboak.

Atzoko positiboen erdiak, hiru, Azkoitian azaleratu ziren. Azkoitia da eremu gorrian jarraitzen duen udalerri bakarra, Urola Kostan ez ezik, baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere; atzoko hirurekin, gainera, gora egin du han 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak, atzoko 517,40tik 458,98ra. Zumaian bezala, Getarian eta Zarautzen positibo bana agertu zen atzo. Zarautzen (145,91) jaitsi egin da intzidentzia tasa; Getarian, aldiz, 176,68ra igo da.

Eskualdeko gainerako herrietan ez zuten positiborik izan atzo. Azpeitiak eremu laranjan jarraitzen du, baina 302,23ra jaitsi da han intzidentzia tasa. Gainerako herrietan bare dago egoera, positiboen agertzeari zein gaitzaren intzidentzia metatuari dagokionez –gainera, 5.000 biztanletik beherakoak ez dira semaforoen sisteman sartzen–: Aian 50,38ko tasa dute, Aizarnazabalen 260,08koa, Errezilen 161,03koa, Orion 260,93koa eta Zestoan 51,36koa. Beizaman, berriz, gorabeherarik gabe mantentzen dira, tasa hutsean dutela.

Hego Euskal Herrian, antzera

Urola Kostan bezalatsu, azken astebetean hobera egin du pandemiaren bilakaerak Hego Euskal Herrian, baina berdintsuak dira atzoko datuak, herenegungoekiko. 8.313 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan atzo, asteazkenean baino ia mila gutxiago, eta 285 positibo agertu ziren horietan, asteazkenean baino hiru gutxiago: Araban 40, Bizkaian 123, Gipuzkoan 60, Nafarroan 61 eta Hego Euskal Herritik kanpo erroldatutakoen artean beste bat. Positibotasuna zertxobait igo da, %3,1etik %3,4ra, baina OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurritea kontrolpean edukitzeko ezartzen duen %5etik behera mantentzen da.

Erietxeen egoerari dagokionez, Osakidetzaren sarean 36 pertsona ospitaleratu zituzten atzo COVID-19aren eraginez, herenegun baino hamabi gehiago, beraz. ZIUetan, aldiz, behera egin du okupazioak: atzo 71 gaixo zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitale publikoetako Zaintza Intentsiboko Unitateetan, herenegun baino sei gutxiago. Denera, 187 pertsona zeuden atzo Osakidetzaren erietxeetan COVID-19ak jota.