Zumaiako komentuko lorategia, bizilagunentzako zabalik laster

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 8a, 18:30

Udalak duela hamar urte eskuratu zuen komentuaren eta lorategiaren jabetza, eta ekainaren 23tik aurrera, egunero joan ahal izango da lorategira.

Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak atzo jakinarazi zuenez, ekain bukaeratik aurrera, bizilagun guztientzako zabalik egongo da Zumaiako komentuko lorategia. "Orain dela hamar urtetik hona, udaletxea egin da komentuaren eta lorategiaren jabe, eta egia esan oso aukera gutxi izan ditugu zumaiarrok komentura joateko eta han egoteko. Ikusita leku egoki bat izan daitekeela goiza edo arratsaldea pasatzeko edo buelta bat emateko, erabaki dugu jendeari irekitzea", azaldu du Ostolazak.

Azken asteetan komentuko lorategian lanak egin dituzte udal brigadako eta lorezaintzako langileek, hura egokitzeko eta atontzeko. Ekainaren 23an, asteazkenean, egingo dute inaugurazio ekitaldia. 18:30etik aurrera egongo dira irekita komentuko lorategiko ateak, eta Ostolazak azaldu duenez, kontzertu bat egingo dute irekiera modura. Dultzaineroek, trikitilariek, Zumaiako Musika Eskolako ikasleek eta Zumaiako Musika Bandak hartuko dute parte ekitaldiko kontzertuan, eta "formatu txikiko emanaldia" izango da.  Mugatuta egongo da edukiera, eta Ostolazaren esanetan, kultur elkarteetako kideei gonbidapenak luzatu ostean, "kontzerturako publikoa osatuko" dute.

Behin lorategia inauguratuta, zabalik egongo da egunero, 10:00etatik 19:00etara.