"Xakeak ona duena da edozeinek joka dezakeela, edozein adinekin ikas daitekeela"

Juan Luis Romatet 2021ko eka. 5a, 09:00

Kabi tabernako jabea da Kepa Aizpurua (Zumaia, 1976), eta Kbi Zumaiako xake klubeko kidea ere bai. Bere tabernan jarri dugu hitzordua, Kabin, xakearen Zumaiako habian. Girotze moduan, Netflixeko The Queen’s Gambit telesaila du jarrita telebistan.

Topiko batekin hasita: xakea kirola al da?

Batzuek diote aurrez aurre jokatuta kirola dela, baina online denean jokoa dela. Ez diet kontu horiei garrantzirik eman inoiz, eta ez da debate erraza: gauza batzuetarako komeni da kirola izatea, baina niretzat gehiago da jokoa.

Tabernak leku egokiak al dira xakean aritzeko?

Nire ustez bai. Orain Internetekin agian galduko zen, baina betidanik jokatu da tabernetan. Parisen, Café de la Régence-en biltzen ziren orain bi mende xakean jokatzeko; han mugitzen zen saltsa guztia. Lehiaketak baino nahiago dut lagunartean jokatzen dena, tabernetako giroan, kafe edo zerbeza batekin lagunduta.

Zerk erakartzen zaitu xaketik?

Betidanik eman dit atentzioa, hemen, tabernan, jokatzen zelako. Betidanik jokatu izan dut, baina gerora ahaztuta ere izan nuen, eta gero berreskuratu nuen. Gerora, beste adar batzuetatik hasi nintzen gauzak ikusten: hezkuntzarekin duen lotura, dituen abantaila terapeutikoak... Eta horrek atentzioa oraindik eta gehiago piztu zidan.

Beste topiko bat: xakea jakintsuentzat da.

Azkenaldian ikusten ari gara, eta hori azpimarratu nahi dut, edozeinek joka dezakeela xakean. Oso erraza da; ordu erdian ikas daitezke mugimenduak. Gero kontua da norberak noraino garatu nahi duen. Azkenean, korrika egitea bezala da: lehen ez zuen hainbeste jendek egiten, eta orain hedatu da, osasun fisikorako ona delako. Xakearekin berdin gertatzen da. Leontxo Garciak dioen bezala, xake partida bat jokatzea, edo gurutzegrama bat egitea, buruarentzat ona da. Burua zaintzeko tresna bat izan daiteke xakea.

Zer behar da xake jokalari ona izateko?

Gaitasun batzuk eduki behar dira: adimena, kalkulua... Jokaldiak aurreratzeko gaitasuna ere eduki behar da; mentala, baina espaziala ere bai. Jendeak uste du hainbat jokaldi pentsatu behar direla aurretik. Baina hori baino gehiago da ondo estrukturatzea 64 lauki hauetan, eta jokaldi txarrekin ez pentsatzea. Belar txarra kendu, eta bidea ixtea, alegia.

Kirola gazteen kontua bezala ikusten da. Xakearekin berdin gertatzen al da?

Xakeak ona duena da edozeinek joka dezakeela, edozein adinekin ikas daitekeela. Noski, txikitan ikasten baduzu, garatzeko ahalmen handiagoa izan dezakezu. Baina ona du hamar urteko haur batek bere aitonarekin jokatu dezakeela. Horixe du polita, edozeinek duela jokatzea, bai neska, bai mutil, eta adinak ez duela garrantzirik.

Historian zehar partida mitikoak izan dira: Fischer-Spassky, Karpov-Kasparov... Halako partidak aztertzen al dituzu?

Ez naiz oso zalea, baina norbaitek ondo azaltzen badizkizu, Leontxo Garciak bere bideoekin egiten duen bezala, hori gustukoa da. Aipatu dituzun partida horietan, xakeaz gain, beste gauza gehiago ere mugitu ziren: geopolitika, gai sozialak... Halako kontuak mugitu ziren partida haietan, eta horregatik da polita.

Partida azkarrak edo luzeak?

Biak, baina gaur egun azkarrak daude modan, batez ere Interneten, eta azkarretatik tiratzen dut. Baina motelak jokatzea ere gustatzen zait, beste patxada batekin hartzeko.

Xake kluba sortu zenuten herrian. Zergatik?

Zaletasun pixka bat bazegoen. Hiru lagun elkartu ginen, eta horien haurrak, bi, oso ondo ibiltzen ziren. Hori guztia sustatzeko sortu genuen taldea. Ikusi genuen gauza asko egin zitezkeela herrian, eta horren beharra bazegoela.

Liga oso ondo hasi zenuten, baina gero pandemia etorri zen.

Ligan igoera fasean sartu ginen, baina federazioak bukatutzat eman zuen txapelketa, eta fasean sartutako denak mailaz igo ginen, bigarren mailara. Baina aurten ere ez da jokatuko; dagoeneko hasita egon behar genuen. Momentu honetan dena geldirik dago. Guri bereziki gustatzen zitzaigun txikiekin lokalean biltzea eta jokatzea. Hasiberriak gara eta hau parentesi bat bezala ikusten dugu; itzuliko gara.

Xakea parkera atera duzue orain

Hogarraren gaineko lokala itxita zegoen, eta noizean behin tabernan ere elkartu gara jokatzeko. Baina Gernika parkera eramanda, jende pixka bat gehiago erakartzeko ideia izan dugu. Pare bat eguerditan elkartu gara. Eguraldiarekin kontuz ibili behar dugu, baina gustukoa dut hor sortzen den giroa.

Netflixen The Queen’s Gambit telesailak arrakasta itzela izan du. Balioko al du jendea xakera hurreratzeko?

Nik uste dut ari dela laguntzen, eta neska gehiago ari dela xakean jokatzen. Horrekin oso gustura nago, sortu duen guztiagatik. Bai neskak xakean aritzera animatu dituelako, horretarako erreferente bat sortuz; baina baita orokorrean xakean jokatzera animatu duelako. Telesailari esker asko zabaldu da xakearen inguruko afizioa mundu mailan.