Igandean espezie inbaditzaileak kenduko dituzte Santiago hondartzatik

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 4a, 10:30

Iazko abuztuan egin bezala, dozenaka herritarrek hartuko dute parte Santiago hondartzako dunetatik espezie inbaditzaileak kentzeko jardunaldian. Ohartarazi dutenez, besteak beste Oenothera glazioviana, Onagra, Connyza sp zein Carpobrotus espezieak dira "modu artifizialean sartu" direnak.

Igande honetan, ekainaren 6an, espezie inbaditzaileak kenduko dituzte Santiago hondartzatik. "Balio ekologiko handiko eremua" izan arren, Santiagon "espezie inbaditzaile exotiko ugari" daudela azaldu du udalak; besteak beste, Oenothera glazioviana, Onagra, Connyza sp zein Carpobrotus espezieak "modu artifizialean sartu" direla dio, eta "espezie autoktonoek bete beharreko lekua hartzen" dutela. Dunak, gainera, "bereziki sentikorrak" dira "espezie horiekiko". Hortaz, iazko abuztuan bezala, espezie inbaditzaileak kentzeko saio bat izango da asteburu honetan.

Lurgaia fundazioak eta Decathlon enpresak antolatu dute lan egun hori, eta 50 pertsona inguru elkartuko dira Santiagon. Hori da gehienez parte hartu ahal izango duen pertsona kopurua eta, beraz, beteta daude plaza guztiak.

Igandean, espezie inbaditzaileak kentzeari ekin aurretik, auziari lotutako zenbait azalpen emango dizkiete parte hartzaileei. Horren ostean hasiko dira lanean, eta udalaren esanetan, "eskuz eta errotik" kenduko dituzte landareak. Gero, "jardun-eremutik kanpora aterako" dituzte landare-hondakinak.