Forondako pintura eta egur taila tailerretako lanen erakusketa zabaldu dute

Maria Maya Manterola 2021ko eka. 4a, 09:28

Ikasturte amaiera heltzear da, eta urtero bezala, Forondako pintura eta egur taila tailerretan sortutako lanen erakusketa jarri dute Alondegiko Oxford aretoan. Guztira, 35 ikasleren koadroek edota eskulturek osatzen dute bilduma.

Erakusketa berria zabaldu zuten atzo, osteguna, Alondegiko Oxford aretoan. Ikasturte honetan zehar Forondako pintura eta egur taila tailerretan parte hartu duten ikasleek sortutako lanak erakutsiko dituzte ekainaren 13a bitarte. 

Ander Hormazurik gidatu du pintura tailerra. Haren hitzetan, "gorabeheratsua" izan da ikasturtea, pandemiagatik behin baino gehiagotan eten behar izan baitituzte klaseak, baina negutik aurrera berreskuratu dute ohiko jarduera. "Garrantzitsuena kurtsoa bera egitea da", dio Hormazurik. Denetik ikus daiteke pintura tailerrean sortutako margolanetan: paisaiak eta bodegoiak, esaterako. 

Hamar ikasle izan dira, bestalde, Zuriñe Gredillak emandako egur taila tailerrean. Ikasleek eskulturak sortu dituzte, kutxa formakoak eta abstraktuak, besteak beste. 

Oxford aretoak egunero zabalduko ditu ateak 18:30etik 20:30era, eta asteburutan 12:30etik 14:00etara ere bai.