Haurren, esperimentazioaren eta naturaren inguruko saio ireki bat egingo dute bihar Zumaienan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 31a, 12:15
Baso Magikoan egingo dute hitzaldia. (Zumaiena)

Larraitz Esnaolak eskainiko du Natura, esperimentazioaren habia hitzaldia Zumaienako Baso Magikoan. Saio irekia izango da, eta bertaratzeko asmoa dutenek izena eman beharko dute aurrez.

Bihar, ekainaren 1ean, hitzaldi ireki bat egingo dute Zumaiena ikastetxeko Baso Magikoan. Haurren, esperimentazioaren eta naturaren inguruan arituko dira saio horretan, izan ere, Zumaienako arduradunen esanetan, hezkuntzan "toki berezia" izan beharko luke esperimentazioak. "Esperimentazioa da pertsonak
garatzeko dagoen bide nagusietako bat", adierazi dute. "Esperimentazio-prozesua esanguratsua" izan dadin, gainera, nabarmendu dute "berebiziko garrantzia" duela espazioak, eta natura dela "ezaugarri horiek bermatzen dituen espaziorik egokiena".

Hori guztia izango dute hizpide bihar, Larraitz Esnaola Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslearen eskutik. Natura, esperimentazioaren habia izenpean prestatu du hitzaldia, eta saio bana eskainiko du euskaraz eta gazteleraz. 17:00etan izango da euskarazko saioa, eta 18:00etan, aldiz, gaztelerazkoa.

Interesdunek aurrez eman beharko dute izena, 943 860 462 telefono zenbakira deituta edo ikastetxea@zumaiena.eus helbide elektronikora idatzita.