Pedalkadaz pedalkada, pentsio duinen alde

Maria Maya Manterola 2021ko mai. 28a, 12:07

Gipuzkoa zeharkatzen ari den bizikleta martxak geldialdia egin du gaur goizean Zumaian. Herriko pentsiodunek ez ezik, harrera egin diete beren borrokarekin bat egiten duten gainerako herritarrek ere. Donostiara bihar helduko da; 17:00etan Alderdi Ederretik abiatuko den mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. 

Egunotan Gipuzkoa zeharkatzen ari den pentsiodunen mugimenduaren bizikleta martxa Zumaiara heldu da gaur goizean. Zubitxikira 10:45 aldean iritsi dira pentsiodunak zein martxan parte hartu duten herritarrak, eta bertan egin diete harrera, aldarrikapenak eskuan zituztela martxako parte hartzaileei animoak emanaz. Amaia plazari itzulia eman, eta Beheko plazan egin dute geldialdia. 

Hasteko eta behin, Jon Maiak bertsoak abestu dizkie bertan elkartutakoei, eta gogorazi nahi izan du pentsiodunak herritar guztien eskubideen alde ari direla borrokan. Pello Enparan Zumaiako pentsiodunen mugimenduko kideak, bere aldetik, esan du duela bi urte hasi zituztela pentsio duinak defendatzeko protestak, eta beren eskakizunetan irmo jarraituko dutela, pentsio, soldata eta bizitza duinak lortu artean. Pentsiodunak ez ezik, herriko eragileetako kideak eta beren borrokarekin bat egiten duten herritarrak ere bildu dira Beheko plazan. Horiek hartu dute hitza ondoren: Mugimendu Feministako Miren Osak, Gazte Koordinadora Sozialistako Aitor Tenak eta Ernaiko Arhane Berriozabalek, hain justu ere. Pentsiodunen borroka txalotu eta beren babesa adierazi diete hirurek. 

Getaria aldera jo du bizikleta martxak, eta Usurbilerainoko bidea egingo dute gaur. Bihar, larunbata, Donostiara helduko da martxa, eta mobilizazio jendetsu batekin borobilduko dute protesta. Alderdi Ederretik aterako da protesta, 17:00etan.