Zumaian ere izango dira jarduerak Europako Geoparkeen Astearen harira

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 24a, 18:00

(Goierri Irrati Telebista)

Ostegun honetan, Geoparkeko paisaia kulturalak ikertzen: giza jardueren aztarnak historian zehar hitzaldia eskainiko du liburutegian Josu Narbartek. Bestalde, orientazio proba bat antolatu dute larunbaterako. Eusebio Gurrutxaga plazatik hasiko da jolasa, eta balizak topatu eta Geoparkeko ondareari buruzko hainbat galdera erantzun beharko dituzte parte hartzaileek.

Bihar, maiatzaren 25ean, hasiko da Europako Geoparkeen Astea, eta ekainaren 6ra arte iraungo du. "Tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera ematea eta herritarrengan balio horien kontserbazioaren inguruan kontzientzia piztea" dira ekimenaren helburu nagusiak, eta UNESCOren 88 geoparkeetan egingo dituzte jarduerak aldi berean; besteak beste, Euskal Kostaldeko Geoparkean.

Zumaian, Deban nahiz Mutrikun, beraz, egitarau berezia prestatu du Geoparkeak Karst and caves izenpean. "Zientzia, kultura eta natura ondarea ardatz hartuta", doako hainbat ekintza egingo dituzte hiru udalerri horietan. Zumaian, hain zuzen, hitzaldi bat izango da ostegun honetan, maiatzaren 27an, eta orientazio proba bat antolatu dute larunbat honetarako, maiatzaren 29rako.

Aztarnak

Josu Narbarte historialariak emango du osteguneko hitzaldia, Geoparkeko paisaia kulturalak ikertzen: giza jardueren aztarnak historian zehar. "Azken mendeetan gure paisaiak" izan duen "bilakaera kulturala" azaltzea izango da haren asmoa, baita "itsas ondarea, baserria, basoa, nekazaritza eta beste hainbat erabilerak gaurko paisaian utzi duten arrastoa" ulertaraztea ere.

Narbarte gai horren inguruko ikerketa bat ari da egiten Eneko Iriarte geologoarekin batera. Agiri zaharrak nahiz zundaketa geologikoak landu dituzte bide horretan.

Zumaiako udal liburutegian izango da saioa, 19:00etan, eta euskaraz jardungo du hizlariak. 20 plaza baino ez dira egongo, hortaz, bertaratzeko asmoa dutenek izena eman beharko dute aurrez. Zumaiako Turismo Bulegora joanda, hara deituta (943 143 396) edo Internet bidez (beheko estekan) egin daiteke izen-ematea.

  • Izen-ematea egiteko, sartu hemen

Galderak eta jolasa

Bestalde, larunbateko orientazio proba Gipuzkoako Orientazio Taldearekin elkarlanean antolatu du Geoparkeak. Zumaiako Eusebio Gurrutxaga plazatik hasiko da jolasa, 10:00etan. Ordu horretan emango zaizkie azalpenak parte hartzaileei, eta mapa bat jasoko dute.

Behin mapa hori esku artean izanda ekingo diote balizak topatzeari, eta baliza bakoitzean erantzun beharko dituzte "Geoparkeko altxorrei edo ondareari buruzko galderak". Hitz gako bat lortuko dute puntu bakoitzean, eta guztiak eskuratzean, esaldi bat osatu beharko dute.

Hiru orduko iraupena izango du orientazio probak, eta euskaraz izango da. Horretan parte hartzeko ere aurrez egin beharko da izen-ematea, Turismo Bulegora bertaratuta edo deituta (943 143 396). Internet bidez (beheko estekan) ere eman ahal izango da izena.

  • Izen-ematea egiteko, sartu hemen

Zumaian bertan egingo dituzten bi jarduera horiez gain, Euskal Kostaldeko Geoparkeak ekimen gehiago prestatu ditu datozen egunetarako; esaterako, irteerak Aixa kobazulora eta Arbilera. Egitarau osoa ikusgai dago geoparkea.eus web-orrian.