Astebetean hamabi koronabirus kasu hauteman dituzte Zumaian

Julene Frantzesena | Maria Maya Manterola 2021ko mai. 21a, 13:18

Eremu laranjan dago Zumaia asteazkenaz geroztik, eta 295,11ra jaitsi da intzidentzia tasa. Astebetean hamabi kasu hauteman dituzte, aurreko astean baino bost gutxiago. 

Osasun Sailak kaleratutako txostenaren arabera, bi kasu positibo zenbatu dituzte azken orduetan Zumaian. Maiatza hasi zenetik gorabehera batzuk izan dira Zumaian egunez egun hautemandako kasu kopuruetan, baina beheranzko joera izan du, oro har, intzidentzia tasak. Astebetean hamabi koronabirus kasu zenbatu dituzte herrian egindako PCR eta antigeno probetan, aurreko astean baino bost gutxiago, hain zuzen ere. 

100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak ere nabarmen egin du hobera aurreko bi asteekin alderatuta. 956,55ean zegoen duela bi aste, 498,63an aurreko ostiralean, eta 295,11an gaur-gaurkoz. Eremu laranjan dago herria asteazkenaz geroztik. 

Urola Kostan, guztira, 31 kasu zenbatu dituzte azken orduetan. Herenegungo datuekin alderatuz gero, atzemandako positibo kopurua bikoiztu egin da; izan ere, herenegun hamahiru positibo zenbatu zituen Osakidetzak eskualdean egindako PCR eta antigeno probetan, eta atzo egindakoetan, berriz, 31 atzeman zituen. Azpeitian detektatu dituzte horien herenak: hamar kasu. Gainerakoak, honako herri hauetan: Azkoitian eta Zarautzen seina, Errezilen eta Zestoan hiruna eta Getarian bat.

Gipuzkoa osoan bi herri baino ez daude eremu gorrian, eta horietako bat da Azkoitia –Tolosa da bestea–. Eremu gorritik ezin irtenda jarraitzen dute herri horretan: 559,13 da hango tasa –400dik jaitsi behar da eremu gorritik ateratzeko–. Azpeitia, berriz, eremu horitik laranjara igaro da azken orduetako positiboak tarteko: 315,37 da hango intzidentzia tasa. 5.000 biztanletik gora gainerako eskualdeko herriak eremu horian dira, eta 5.000tik beherakoen artean Errezil da tasa altuena duena: 1.288,24 da hango tasa.

Hego Euskal Herrian ere gora egin du positiboen kopuruak. Hego Euskal Herrian 9.435 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietan 468k eman zuten positibo –412k herenegun–. Horietako gehienak Bizkaian atzeman zituzten 233; Gipuzkoan, 133; Nafarroan, 72; Araban, 27; eta lurralde horietatik kanpo bizi diren hiru lagunek ere eman zuten positibo. Gaur-gaurkoz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa %5,1 da, eta %4,2 Nafarroakoa.

Ospitaleetako egoera hobera ari da egiten, pixkanaka bada ere. Atzo 44 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzaren ospitaleetan. Orotara, 226 lagun –herenegun baino hamazazpi gutxiago– zeuden ospitaleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta horietatik 130 zeuden ZIUetan –herenegun baino bat gutxiago–.