Pentsiodunen mugimenduaren bizikleta martxak Zumaian geldialdia egingo du

Maria Maya Manterola 2021ko mai. 22a, 09:00

Gipuzkoa zeharkatuko duen bizikleta martxa Zumaiara helduko da maiatzaren 28an. Hurrengo egunean, Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. 

Pentsiodunen mugimenduak bi urte baino gehiago daramatza pentsio publikoak defendatzeko protestan. Ez dute beren borrokan amore emateko asmorik, eta datorren asterako bi ekimen antolatu dituzte, gainera: maiatzaren 24tik 29ra Gipuzkoa zeharkatuko duen bizikleta martxa egingo dute, batetik. Zumaiara hilaren 28an helduko da, 10:15 inguruan, eta Beheko plazan geldialdia egingo du. Hurrengo egunean, hilaren 29an, manifestazioak izango dira herritan eta hiriburuetan. Zumaiarrak Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte, eta nabarmendu dute manifestariak ez direla jubilatuak eta pentsiodunak soilik izango, "eragile sozial eta sindikal askok" hartuko baitute parte moblizazioetan. Alderdi Ederretik abiatuko da mobilizazioa, 17:00etan. 

"Unearen garrantziaz jabetuta" erabaki dute protestak areagotzea. Toledoko Ituna deitutakoaren batzorde parlamentarioak iazko urrian pentsio publikoak arautzeko gomendioak ontzat eman zituela gogorarazi dute. Pentsio publikoen bideragarritasuna onartu zuen batzorde horrek, eta Espainiako Kongresuaren erabakiak bide beretik jo zuen. Hala eta guztiz, uste dute Jose Luis Escriva ministroak egindako adierazpenek ez dutela defendatzen jubilatuen eta pentsiodunen mugimenduaren ildoa. Kaleak hartzeko deia egin dute egoeraren aurrean. "Batak zein besteak gobernatu, pentsio publikoak defendatu. Pentsio, soldata eta bizitza duinak gizon eta emakumeentzako, aukera berdinak guztientzako!", amaitu dute.