Merkataritza eta ostalaritza sustatzeko urrira arteko kanpaina egingo dute Zumaian

Onintza Lete Arrieta 2021ko mai. 20a, 17:30

‘Nire aukera Urola Kosta’ lelopean, Urola Kostako Udal Elkarteak, hori osatzen duten bost udalek eta sei merkatari eta ostalari elkarteek bat eginda aurkeztu dute egitasmoa.

Nire aukera Urola Kosta izeneko kanpaina aurkeztu dute gaur eguerdian Getarian Urola Kostako Udal Elkarteak eta eskualdeko sei merkataritza eta ostalaritza elkarteek: Getariako Babexa dendarien elkarteak eta Getabat ostalarien elkarteak; Orioko merkatari, ostalari eta profesionalen Arkupe elkarteak; Zarauzko dendarien Murkil elkarteak eta ostalarien Zurekin elkarteak; eta Zumaiako merkatari eta ostalarien Gertu elkarteak.

Kanpainaren helburua da tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzea, UKUEko lehendakari Lourdes Salsamendik azaldu duenez. Sektoreak eskualdean duen pisua azpimarratu du, eta esan du COVID-19aren pandemiak sortutako «krisi eta ziurgabetasun egoerak bereziki kolpatu eta kaltetu duen sektorea» dela. Horregatik abiatu dute egitasmoa UKUEk, merkatari eta ostalari elkarteek eta Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako udalek.

Datu batzuk eman ditu Salsamendik: bost herrien artean 13.811 lanpostu eragiten ditu merkataritzak eta ostalaritzak (ostatuak barne), enplegu guztiaren %25. 3.399 establezimendurekin, ehun ekonomikoa osatzen duten establezimenduen %30,62 dira sektore horretakoak.

Salsamendik esan du udal elkarteak bertako merkatari eta ostalarien aldeko apustua egiten duela, eta establezimendu horien "lehiakortasuna" azpimarratu du. Sektorea "biziberritzeko, sustatzeko eta hauspotzeko" hartutako erabakia "estrategikoa" dela gaineratu du.

Kanpaina orain abiatuko dute, eta urrira arte iraungo du. Ikus-entzunekoak ekoiztuko dituzte, eskualdeko herritarrei ahotsa emanda, eta bereziki sare sozialak erabiliko dituzte bideoak gizartera zabaltzeko. Prentsaurrekoan Salsamendiren ondoan izan dira merkatari eta ostalari elkarteetako hainbat ordezkari, eta bi merkatarik ere hartu dute hitza: Zarauzko Cazalis oinetako dendako Fatima Cazalisek, eta Kaioa arropa denden ordezkari Cristina Agirrebeña oriotarrak.

Cazalisek esan du beren bezeroak herrikoak bertakoak eta inguruko herrietakoak direla; "horregatik, salmentetan nabaritu dugu jaitsiera herriak itxita egon diren sasoian, baita bigarren etxebizitza dutenek ezin izan dutelako etorri ere, horiek ere bezeroak baititugu", esan du.

Orain, berriz, herritarrei ikusten die galdutako denbora berreskuratzeko gogoa. Baita Agirrebeñak ere. "Eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei, guretzat funtsezkoak direlako gure saltokiek aurrera egin dezaten. Beren konfiantzarik gabe ez gara ezer", azaldu du.

Agirrebeñak esan du sare sozialetan jarri dituztela indarrak pandemia garaian, eta online denda jarri eta indartzeko ere aprobetxatu dutela egoera. Orion zabaldu zuten aurreneko denda, eta ondoren Zarautzen, Zumaian eta Azpeitian ireki dituzte.

Urrian, erronka

Salsamendik jakinarazi du kanpainaren amaiera aldera, urrian erronka berezi bat egongo dela, baina ez du xehetasun gehiago eman nahi izan oraingoz.  Hori bai, aurreratu du "ekintzarik ikusgarriena" izango dela, baita "Urola Kostako herritarrengandik inplikazio handiena" eskatzen duena ere.

Uda ondoren emango du informazio gehiago udal elkarteak.