Lehengo ordutegia izango da kiroldegian aurrerantzean

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 13a, 09:00

Kiroldegian segurtasun neurriek indarrean jarraituko badute ere, alarma egoera ezeztatuta, ohiko ordutegia izango da martxan hemendik aurrera: 21:30ean itxiko dute astelehenetik ostiralera bitartean. Bestalde, lehorreko jardueretan aritu direnek ere izango dute aldagelak erabiltzeko aukera.

Espainiako Gobernuak alarma egoera indargabetu ostean kaleratu zuen dekretu berria Eusko Jaurlaritzak. Han jasotako aldaketak kontuan hartuta, kiroldegiari lotutako zenbait aldaketa adostu dituzte Kirol Patronatuak eta Zumaiako Udalak ere. Batetik, lehengo ordutegia ezarriko dute berriz, alegia: 06:30etik 21:30era astelehenetik ostiralera bitartean, 07:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara larunbatetan, eta 07:30etik 13:30era igandeetan.

Bestetik, lehorreko jardueretan aritu ostean ere erabili ahal izango dira aldagelak. Kardio eta fitness guneetako erabiltzaileek, padel eta tenis pistetako erabiltzaileek nahiz kiroldegiko ikastaroetako partaideek itxita izan dituzte aldagelak azken hilabeteetan, baina haiek ere izango dute horiek erabiltzeko aukera aurrerantzean.

Zenbait segurtasun neurri mantenduko dituzte kiroldegian, dena den. Esaterako, hemendik aurrera ere aurrez hartu beharko da hitzordua, eta derrigorrezkoa izango da musukoa erabiltzea, igerileku barruan eta dutxan izan ezik. Segurtasun distantziak ere mantendu egin beharko dira.