Behera egiten jarraitzen du intzidentzia tasak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 11a, 13:24

Azken orduetan bi kasu positibo atzeman dituzte Zumaian, eta une honetan, 753,03an dago intzidentzia tasa. Hego Euskal Herrian ere hobera egin dute datu orokorrek. 

Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri dituen datuen arabera, bi koronabirus kasu positibo hauteman zituzten atzo Zumaian. Bezperan, igandean, ez zuten kasu berririk baieztatu. Dena den, jaisten jarraitzen du 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak: asteburuko datuak kontuan hartuta (zazpi kasu izan ziren ostiralean eta hiru larunbatean) tasa 814,08an zegoen atzo, baina azken orduetako datuekin, behera egin du berriz, eta 753,03an dago orain.

Eskualdeko herrietan, guztira, hamalau kasu positibo zenbatu zituzten atzo. Herenegun atzemandakoak baino lau gehiago dira, baina argi dago aurreko asteetako joera asko apaldu dela orokorrean. Oraindik ere intzidentzia tasa altua badauka ere, batez ere Zarauzko zifrak baretu dira. Atzokoan hiru kasu atzeman zituzten kostaldeko herrian, eta intzidentzia tasa 749,56tik 663,90ra jaitsi da. Beste hiru kasu atzeman dituzte Azkoitian ere, eta herri horretan 50 puntu jaitsi da tasa, 851,21etik 801,13ra.

Zumaiaz eta Zarautzez gain, Aizarnazabalen, Azpeitian, Errezilen, Getarian eta Zestoan ere atzeman zituzten kasuak atzo; Azpeitian bi, eta Aizarnazabalen, Errezilen, Getarian eta Zestoan bana. Azpeitian jaitsi egin da intzidentzia tasa eta 361,37an dago orain. Aizarnazabalen, Getarian eta Zestoan, berriz, 1040,31; 282,69; eta 487,93koak dira tasak (mantendu egin da Aizarnazabalen eta Zestoan, eta behera egin du Getarian). Errezil izan zen atzekoan eskualdeko salbuespen bakarra: kasu positibo bat zenbatu zuten herrian, eta ondorioz, 1288,24tik 1449,28ra igo da intzidentzia tasa herri horretan.

Positibotasun tasa %4,3an

Atzo, denera, 12.373 proba diagnostiko egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 536k eman zuten positibo; alegia, %4,3koa da Hego Euskal Herriko positibotasun tasa. Atzemandako 536 positiboetatik 265 Bizkaian zenbatu zituzten, 165 Gipuzkoan, 75 Nafarroan eta 32 Araban. Lurralde horietatik kanpo, berriz, positibo bat atzeman zuten.

Kasu berrien datuak egunez egun baxuagoak badira ere, ez da abiadudura berean apaltzen ari ospitaleetako okupazioa. Atzokoan, 359 lagun zeuden ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko erietxeetan (herenegun baino 15 gutxiago), 70 ospitaleratze berri izan ziren (herenegungoen bikoitza baino gehiago) eta 158 pertsona daude ZIUetan (herenegun baino 11 gutxiago).