Zumaiar ugari elkartu da Indamendiko tontorrean, euskal presoak etxeratzearen alde

Maria Maya Manterola 2021ko mai. 8a, 13:38

Herritar ugarik egin du bat Sare Herritarraren eta Bake Bidearen deialdiarekin. Euskal Herriko 650 tontorretan egin dute ekimena; euskal preso, iheslari eta deportatuen alde, euskal herritar adina kilometro egitea da asmoa.

Sare Herritarrak eta Bake Bideak antolatuta, Euskal Herriko 650 tontorretara ibilaldiak egin dituzte gaur, larunbata. Euskal preso, iheslari eta deportatuen alde, euskal herritar adina kilometro egitea da asmoa, horien etxerako bidea irudikatzeko. 

Zumaian, Indamendira ibilaldia egiteko hitzordua zuten antolatuta, eta herritar ugarik egin du bat deialdiarekin. 9:30ean atera dira itsas kiroldegitik, eta 11:30ean atera dute argazkia tontorrean. Arroarrak, berriz, Andutzera egin dute irteera.