Adimen Artifizialean gaitzeko ikastaroa antolatu du UKUEk

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 5a, 11:00

Maiatzaren 31n hasita, lau astez iraungo duen ikastaro praktikoa eta aplikatua antolatu du Udal Elkarteak. Izen-emate epea hilaren 25era arte izango da.

Izan-Be Digital programaren barruan, aurten Adimen Artifizialari buruzko ikastaro berritzailea eskainiko du Urola Kostako Udal Elkarteak, maiatzaren 31tik ekainaren 25era. Egitasmoaren helburua da eskualdeko herritarrak datozen urteetan estrategikoa izango den Adimen Artifizialean gaitzea, modu praktikoan eta era aplikatuan. Guztira, 90 orduko prestakuntza izango da.

Saio guztiak goizez izango dira, 09:30etik 14:00etara, Udal Elkartearen egoitzan. Aurrez, aurkezpen saio bat egingo dute maiatzaren 26an egingo da, 10:00etik 11:30era, prestakuntzaren, metodologiaren eta euskarrien berri emanez. Ikastaro hau batez ere informatikako ezagutza eta erabilpen ona duten eskualdeko herritar guztiei bideratuta dago, langilea izan nahiz lana bilatzen aritu.

Era berean, prestakuntzari buruzko informazio-saio bat egingo du UKUEk hilaren 18an, 10:00etan hasita, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko; saioa online izango da, Gotomeeting plataformaren bidez. Bertan parte hartzeko aurrez izena eman behar da Udal Elkarteak prestatu duen galdetegia beteta. Ondoren, saiora sartzeko esteka jasoko du interesdunak bere posta elektronikoan.

Ikastaroan izena emateko epea ireki dute, eta maiatzaren 25era arte dago horretarako aukera. Izena emateko orria Udal Elkartearen egoitza elektronikoan eskuratu daiteke. Argibide nahiz informazio gehiago jasotzeko, 943-89 08 08 telefonora deitu daiteke edo lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idatzi.