Elkano Eguna izendatu dute 2022ko irailaren 6a, eta jaieguna izango da

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak gaur erabaki du 2022. urterako lan egutegia. Abenduaren 25a igandea egokituko denez, irailaren 6a jaiegun izendatu dute. Egun horretan 500 urte beteko dira Juan Sebastian Elkano munduari buelta eman eta Sanlucar de Barramedara itzuli zela.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak gaur erabaki du 2022. urterako lan egutegia, eta aldaketa nabarmen bat izango da: abenduaren 25a igandea egokituko denez, irailaren 6a jaieguna izango da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Elkanoren Eguna gisa izendatu dute egun hori; izan ere, Juan Sebastian Elkano 1522ko irailaren 6an iritsi zen Sanlucar de Barramedara (Cadiz, Espainia) munduari bira emanda. Datorren urteko irailaren 6an ordutik 500 urte beteko dira.

2022an hainbat jaiegun izango dira, urtero legez: urtarrilaren 1a; apirilaren 14a, 15a eta 18a –Aste Santua eta Pazko Astea–; uztailaren 25a; abuztuaren 15a; irailaren 6a; urriaren 12a; azaroaren 1a; eta abenduaren 6a zein 8a.

Getariako alkatearen adierazpena

Jaurlaritzaren erabakia gustura hartu dute Getariako Udalak eta Elkano Fundazioak, Haritz Alberdi alkateak eta fundazioko presidenteak komunikatu bidez adierazi berri duenez.

Hori bai, azpimarratu du egun horrek "berdintasunetik munduaren aniztasuna aldarrikatu eta balorean jartzeko" izan beharko lukeela, "hori delako datozen belaunaldiei egin diezaiekegun ekarpenik handiena”. Gaineratu du "momentu egokia" izan daitekeela "munduari bestelako betaurrekoekin begiratzeko, mundubirari gure hitzak jartzeko, eta ohikoak egiten zaizkigun kontakizunetatik aldendu eta hamaika kolorez osatuta dagoen mundua balorean eta balioan jartzeko".

Alberdik esan du bai udalak, bai fundazioak, "aukeratzat" hartu dutela egun horren izendapena. "Egun horretan 500 urte beteko dira XVI. mendeko gertaerarik garrantzitsuenetariko bat gauzatu zela, eta erabaki honek aukera ematen digu datorren urtean Getariako Lehorreratzea duela 100 urte lehen aldiz Getarian antolatu izan zen egun berean egiteko. Horretarako lanketan arituko gara datozen hilabeteetan, Fundazioa, Getariako Udala zein herritarrak".